Elkar Hezi ikastetxearen pareko zebrabidea ordutegi mugatuan itxiko da astelehenetik aurrera

2021/02/26
Pandemiari aurre egiteko ikastetxe aurrealdeko espazioak handitzeko neurria da

  Pandemia egoeraren ondorioz Elkar Hezi ikastetxeko ikasleen sarrera-irteerak mailakatu egin dira. Baina momentu horietan jende pilaketarik sortu ez dadin eta distantziak mantentzeko eskola aurrealdeko espazio publikoa egokitu da. Ikasturtean zehar egin diren aldaketen helburu nagusiak dira ikasturtea segurtasun baldintza gorenekin garatzea, kutsatzeak saihestea eta aurrez aurreko jardun akademikoa  bermatzea.

  Elkar Heziko zuzendaritzak eta Udalak elkarlanean, ikasturtea hasi zenetik ezarritako neurrien etengabeko jarraipena eta balorazioa egin dute. Astelehena, martxoaren 1etik aurrera, azken egokitzapena sartuko da indarrean: ikastetxe aurrealdeko zebrabidea ordutegi mugatu eta jakinean ixtea. 

  Errepidea ixteko ordutegia haurren sarrera-irteera orduetara egokitu da eta egunean lautan itxiko da errepidea trafikorako, 20 minutuz, ordutegi horretatik kanpo, errepidea zabalik egongo delarik. Astelehenean indarrean sartuko den neurri berri honekin haurren segurtasuna bermatuko da,  ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta gutxien oztopatuz. Orain arte aipatu errepidea itxita mantendu da, astelehenetik ostiralera.

  Arantzazuko Ama kaleko ikastetxe pareko zebrabidea egunean lautan itxiko da, astelehenetik ostiralera eta eskola egunetan. Mozketek 20 minutuko iraupena izango dute aldiko: 8:25etik 8:55tara; 12:10tatik 12:30tara; 14:15tatik 14:35tara eta 16:25tatik 16:45tara.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Diario Vasco)