Elkar Hezi ikastetxearen jabetza titularitatea aldatu eta EREITEN Fundazioak hartu du

2016/03/31
Fundazioaren partaide dira, lekaime beneditarrak, parrokia, ikastetxeko langile eta gurasoak

  Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean gaur bertan argitaratu da Kristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak sinatutako ebazpena. Elkar Hezi haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxe pribatuaren titulartasuna aldatzeko baimena ematen du eta titularitate aldaketa ikastetxeen erregistroan inskribatzea agintzen du.

  Elkar Hezi Santa Eskolastika eta Elkar Hezi Mikel Aozaratza ikastetxeek ofizialki 2009an bat egin zuten Elkar Hezi izeneko ikastetxe bihurtuz. Orduan, ikastetxearen titularitatea Mikel Goiangeruaren parrokia eta San Lorentzo Monasterioko lekaime beneditarren esku geratu zen. Ordutik ikastetxearen hausnarketa prozesuak aurrera egin du eta EREITEN Fundazioa sortu da, ikastetxearen titularitate edo jabetzan aldaketa esanguratsua ekarriz. EREITEN Fundazioak hartu baitu Elkar Hezi ikastetxearen titularitatea. Irabazi asmorik gabeko fundazio zibil hau 10 ordezkarik osatzen dute:  Lekaime beneditarrei dagozkien hiruk, parrokiako beste hiruk eta ikastetxeko langile eta gurasoei dagozkien beste binak.

  Gaia Udalera ere iritsi da, Elkar Hezi ikastetxeak bigarren hezkuntzarako erabiltzen duen eraikina, udal jabetzapekoa baita. Hala, otsailaren 8an, ikastetxeko arduradunak, alkateak eta hezkuntza batzordeburuak bilera egin zuten. Titularitate aldaketaren berri eman eta udal eraikina erabiltzeko lagapen hitzarmena egokitzea eskatu zen, lagapena, 10 urtetarako luzatzea proposatuz gainera.

  Udal agiriak errebisatu dira eta Elkar Hezi ikastetxeari laga zitzaiona, Ereiten Fundazioari lagatzeko espedienteari hasiera eman zaio. Lagapen berria, 10 urtetarako egingo litzateke, 2016ko irailaren 1etik, 2026ko abuztuaren 31ra alegia eta lagapenaren helburua, hezkuntza eskaintzea dela zehaztu da. Baina lagapen berriaren gaia Osoko Bilkurak onartu behar du. Beraz, litekeena da, datorren ostegunean egingo den batzarrean aurkeztea.

Iturria: Oñati Irratia