Elikagaien bankua egitasmoa ordenatu da parte hartzen duten elkarte eta erakundeen ardura eta lanak finkatuz

2019/05/09
Card image cap
Bi hitzarmenetan zehaztu dira kudeaketa, banaketa eta garraio ardurak

  Urteak dira Oñatin Elikagaien bankua programa martxan jarri zela. Hasieratik ACESMA elkartea arduratu da elikagaien banaketaz. Era berean, Udaleko Gizarte Zerbitzu departamentuak urteak daramatza herritarrak programara bideratzen. Baina funtzionamendua arrazionalizatu eta hobetzeko asmoz egin berri den hausnarketan hutsune batzuk antzeman dira. Udalaren bitartekaritza horretatik kanpo geratzen dira beharra duten hainbat pertsona eta familia, bereziki, herrian erroldatu gabe daudenak. Hauek, Caritas eta Elkarzabal elkarteetara jotzen dutela ikusi da. Balizko onuradunek erabiltzen dituzten laguntza bideak identifikatuta, eta errekurtsoak optimizatze aldera, Elikagaien bankua programa berrantolatzea erabaki dute parte diren elkarte eta erakundeek.

  Orain artean bezala aurrerantzean ere ACESMA elkartea arduratuko da banaketaz, Elikagaien bankura iristen diren produktuak banatzeaz. Onuradunen kudeaketa berriz, Elkarzabal erakundearen bitartez egingo da. Udaleko gizarte zerbitzuetara edo Caritasera iristen diren balizko onuradun guztiak Elkarzabalera bideratuko dira, eta egoeraren balorazioa egin ondoren, Elikagaien bankura zuzenduko dira. Udala berriz, logistikaz arduratuko da. Elikagaien banaketa egiteko beharrezkoa den lekua ACESMA elkartearen eskura jarriko du. Orain artean bezala Ibarrako lokala erabiltzen jarraituko da eta udalaren kontura izango da lokala egoki mantentzeko gastuak.

  Garraioaz ere udala arduratuko da. Bergarako biltegitik asteartetan eta hileko azken ostiraletan ekarri ohi da generoa Elikagaien bankurako. Garraio horretaz CEAR Euskadi elkartekoak arduratuko dira, konkretuki, Larrañako aterpetxean dauden langile eta bizilagunak. Udalak, furgoneta bat jarriko du beren eskura eta udalaren kontura izango dira ibilgailuaren aseguru, mantentze eta gasolina gastuak. Baina Europako Laguntza Funtsatik ere elikagaiak ekartzen dira urtean bi-hirutan. Hauen garraioa udalak zuzenean egingo du.

  Elikagaien bankua egitasmoa ordenatuz erakunde eta talde bakoitzaren ardura eta zereginak jasotzen dituzten bi hitzarmen osatu dira eta horiek sinatzeko erabakia hartu zen azken Osoko Bilkuran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!