Ekintzailetza sustatzeko aholkularitza zerbitzu eraginkorra eskaintzea proposatu du Oñatiko EAJk

2017/04/26
Langabetuen enplegarritasuna hobetzeko formazio ikastaroak antolatzea ere proposatzen du

  Herriko alor sozio-ekonomikoa indartu eta ekintzailetza bultzatzearen aldeko apustua berretsi du udal talde jeltzaleak prentsara zabaldu duen oharrean. Negozio bat ireki edo lan irteera berriak bilatzen dituztenek proiektuak abian jartzeko laguntza izan dezaten udaletik aholkularitza zerbitzu eraginkorra eskaintzea proposatzen dute zinegotzi jeltzaleek. Era berean, adituen gaitasun eta eskarmentuaz baliatuz mentore edo tutore espezializatuak bide-lagun izatea ahalbideratuko luketen mentoring programak abian jartzea proposatzen dute.

  Ekintzailetza indartu eta tokiko sozio-ekonomia bultzatzearen harira, aholkularitza zerbitzu eraginkorra eskaintzeaz gain, langabetuak lan munduan txertatzeko formakuntza ikastaroak antolatzeko eskaera ere egin dio EAJk udal gobernuari.

Iturria: Oñati Irratia