Ekintza planaren fasean sartu da EH Bilduren Harittu prozesua

2018/11/19
Arlokako 9 bilera antolatu dira abenduaren 4ra bitartean

  Irailaren 22an egin zen Diagnostiko tailerraz osatu zen Harittu prozesuaren lehen fasea, diagnostikorena, alegia. 60 eragile baino gehiagoren iritzia jaso eta tailerrean aurkeztu ondoren, bertan bildu zirenen ideia eta iritzi berriez osatu zen alorrez alorreko diagnostikoa.

  Egungo egoera eta beharrak identifikatuta, antzeman diren gabeziak bete eta mantendu nahi direnak nola hobetu edo sustatu zehaztuko da ekintza planean. Prozesuaren fase berri hau bideratzeko arlokako bilerak egingo dira, gaur hasi eta abenduaren 4ra arte. Gaur, euskara arloa landuko da, bihar sozioekonomia, asteazkenean gazteria eta ostegunean hezkuntza. Datorren astean, astelehenetik ostegunera berriro ere, politika sozialak, kultura, kirola eta lurralde antolaketa landuko dira, eta abenduaren 4an, amaitzeko, berdintasuna gaia jorratuko da. Bilera guztiak irekiak dira eta EH Bilgunean egingo dira, 19:00tan hasita.

  Batzarretara joateko zailtasunak izan baina proposamenak egin nahi dituztenentzat beste bide batzuk ahalbidetu dituzte Harittu prozesuko arduradunek, kale Barriako Bilgunea ostiralero 18:00tatik 20:00ra irekitzen dela eta onati@ehbildu.eus posta elektronikoa ere erbilgarri dagoela gogorarazi dute. Bileretan nahiz beste bideetatik jasotako proposamen guztiak lantzeko ekintza planari dagokion tailerra egingo da abenduaren 15ean.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Diario Vasco)