Ekainaren 26ko hauteskunde orokorretarako kanpaina gauerdian hasiko da

2016/06/09
Card image cap
Kartelak itsasteko 60 panel jarri dira dagoeneko herrian

  Bidaurretako errotonda inguruan, Garaineko finkan, Galartza etxeko burdinsarean, kultur etxeko hesian eta Bidebarrieta kalean kiroldegiko horman jarri dira hauteskunde propagandarako panelak. Foruen enparantzako arkupetan ere, zutabeetan, alderdien propaganda itsatsi ahal izango da. Guztira, gune bakoitzean 10na panel ezarri dira.

  Ohiturak aldatzen ari dira eta kanpaina egiteko bideak ere aldatzen ari dira. Alderdi baten edo beste baten aldeko botoa eskatzeko geroz eta kartel gutxiago itsasten dira. Hala ere, legez, oraindik, halako panelak jartzeko derrigortasuna dago. Zenbat panel eta non kokatu, gainera, hauteskunde batzordeari jakinarazten zaio. Udal langileek atzo goizean hasi ziren panelak jartzen eta guztia prest dago  gauerdian kanpaina hasten denerako.

  Hamar eta hamaika hautagaitza dira Espainiako Senatua eta  Diputatuen Kongresurako Gipuzkoan aurkezten direnak. Euzko Alderdi Jeltzalea,Partido Popular, Euskal Herria Bildu, Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra, Partido Animalista, Partido Libertario, Ciudadanos, Recortes Cero-Grupo Verde, Unidos Podemos/Elkarrekin Ahal Dugu eta Partido Comunista de los Pueblos de España alderdiak, Senatu nahiz Kongresurako hautagaitzak aurkeztu dituzte Gipuzkoan. UPyD ordea, Diputatuen Kongresurako soilik presentatu da.

  Gipuzkoan, Kongresurako sei diputatu hautatuko dira eta Senaturako berriz, lau kide. Aipagarria da, Senaturako zerrendak irekiak direla eta boto emaileak sigla jakin bateko zerrenda ez baizik eta senatari-gaiak aukeratu eta markatu beharko dituela. Horrek, ondorengo kontaketan lana luzatzea eragingo du.

  Gauerdian hasiko den hauteskunde kanpaina ekainaren 24ko gauerdian amaituko da. Eta gogoratu, botoa Txantxiku ikastolan ematen zutenek Zubikoa kiroldegian eman beharko dutela  ekainaren 26ko hauteskundeetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!