EHUko tipografiaren diseinuak CLAP Platinum nazioarteko saria lortu du

2015/11/18
Card image cap
Leire Fernandez oñatiarrak parte hartu du diseinu taldean

  Nazioarteko aitorpen ospetsuena da CLAP Diseinu, Branding eta Komunikazioaren sari hau. Latinoamerika, Amerikako Estatu Batuak, Brasil, Espainia eta Portugaleko diseinu grafikoko profesionalek eginiko lanak saritzen ditu.

  2015eko  lehenengo saria, CLAP Platinum saria Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlari talde batek jaso du, EHU tipografia lanagatik. EHU tipografia unibertsitateak finantzatutako ikerketa proiektu baten emaitza da, eta Letraz Diseinu Grafiko eta Tipografiako ikerketa taldeak sortu du, tartean, Leire Fernandez oñatiarra dago.
Proiektuaren helburu nagusia tipografia espezifikoa sortzea zen. Hau da, EHUko ikusizko nortasun korporatiboa idatzietara zabaltzeko bitartekoak sortzea. Hala, EHU tipografiak Euskal Herriko Unibertsitateak transmititu nahi dituen nortasun singularreko printzipioak ditu oinarri, jendaurrean hauteman, aurkeztu eta bereiz daitezen. Tipografia osatzeko zutabea Eduardo Txillida euskal artistak formaren inguruan gauzatutako espekulazio estetikoak izan dira.

  EHUko tipografia unibertsitateko zeregin guztietara moldatzen da eta unibertsitatearen elebitasuna aintzat hartzen du, izaera bereko bi bertsio estilistikorekin.

  Unibertsitateko ikertzaileen kezka izaten da barruan egindako lana nola gizarteratu, nola zabaldu, Leire Fernandezek adierazi zigunez, Arantzazu letraz gunea ekimena zela eta, udan egin genion elkarrizketan. Arantzazu letraz gunea izan liteke unibertsitate ikerketak gizarteratzeko bide bat baina dudarik gabe, nazioarteko sariek ere, oihartzun berezia ematen diete egindako lanari. Hala, CLAP nazioarteko saria lortzeak egindako lana aitortu ez ezik, munduan zabaldu eta ezagutarazteko bidea ere ematen du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!