EH Bilduk apirilean baino bozka gehiago jaso zituen atzo Oñatin, abstentzioak gora egin zuen arren

2019/11/11
Card image cap
EAJk 190 bozka galdu zituen eta Elkarrekin Podemosek apirilean abiatutako botu galera areagotu zuen beste 114 galduta

  Abstentzioak gora egin zezakeela pentsatzen zen, sei hilabeteko epean bigarren aldiz egiten zirelako Espainiako kongresua eta senatua eratzeko hauteskundeak eta halaxe gertatu da orokorrean, eta baita Oñatin ere. Apirilean baino % 3 gutxiago joan zen atzo bozkatzera, abstentzioa, % 24tik %27ra haziz.

  Bozka ematera joandakoak apirilean baino gutxiago izanik, alderdi bakoitzak pilatutako kopurua txikiagoa izatea espero zitekeen baina ez da hala gertatu kasu guztietan, EH Bilduk apirilean baino bozka gehiago, 122 gehiago jaso ditu. Txanponaren bestaldean, EAJk 190 bozka galdu ditu. Horrek, herrian nagusi diren bi taldeen arteko aldea areagotu du; apirilean, EH Bilduk 259 botu atera zizkion EAJri, atzo berriz, 571.

  Elkarrekin Podemos, PSOE eta Ciudadanos dira Oñatin boto galera izan duten beste hiru alderdi, beti ere, pasa den apirileko emaitzekin konparatuta. Elkarrekin Podemosek orduan jada, bi urte lehenago baino 600 boto gutxiago jaso zituen, eta atzo, beste 114 galdu zituen. PSOEk berriz, 55 bozka gutxiago jaso zituen atzo eta Ciudadanosek, 19 gutxiago, apirilean lortutakoen erdiak galduta. Orain sei hilabete baino bozka gehiago jaso zuten berriz, PPk eta VOXek, 5 eta 3 boto gehiago hurrenez hurren, baina EH Bilduk lortutako 2864 bozketatik oso urrun, 140 edo 21 lortuta.

  Atzo Oñatin ireki ziren 15 hauteskunde mahaitatik 10etan EH Bildu izan zen bozkatuena eta beste 5etan EAJk lortu zuen boto gehien.

  Hauteskunde orokorretako Oñatiko emaitzei begiratuta, alderdien arteko aldeak oso handiak dira eta lau talde nagusitan bildu daitezke: EH Bildu eta EAJ lehen taldean, 2000 bozkatik gora lortuta, Elkarrekin Podemos eta  PSOE bigarren taldean, 500 bozkatik gora lortuta, PP hirugarren taldean, 150etik behera, VOX eta Ciudadanos, laugarren talde batean, 25 bozkatatik behera lortuta.

  Gipuzkoa mailan EAJ izan da bozkatuena, Bizkaian eta Araban bezala. Baina Madrilgo kongresuan, EAJk eta EH Bilduk bina diputatu eta PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek bana izango dute Gipuzkoa ordezkatuz. Senaturako hautagaiei erreparatuta, bestalde, gogoratu, hautagaitza irekiak zirela eta edozein zerrendetako hiru izen aukeratu zitezkeela. Gipuzkoak EAJko hiru senatari eta EH Bilduko bat izango du legealdi honetan. Ordezkaritzetan ez da aldaketarik izan Gipuzkoan, apirilean izan ziren emaitzekiko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!