Eguzkia lagun dantzariak auzorik auzo ibili dira goizean Korpuzti jaien mezua zabaltzen.

2014/06/20
Arratsaldean, Kasablanka, Ugarkalde eta San Martin etxaldeetan dantzatuko dute. Eguneko erronda, San Martin egoitzan amaituko dute.

  Eta guztien buru, Arkaitz Bengoa da. Aurten, hirugarren eta dirudienez azken urtez, Korpus dantzarien kapitain dena.

  Aurreko bi urteetan euriak eraginda prozesiñoa oso arin egin behar izan zen eta dantzariek, Korpusetako gainontzeko partaideen antzera ez zuten luzitzeko aukerarik izan. Aurten, eguraldi beroa iragarri da baina ekaitz arriskua ere bai. Ea Korpus ospakizun nagusiak behintzat errespetatzen dituen. Hasi behintzat, dantzariak, eguzkia lagun dutela hasi dira gaur.

  Bestelakoan ez dago aparteko nobedaderik aurtengo korpus prozesiñoaren egunean. San Migel eta apostoluen arropa, ileorde eta bestelakoak gertu daude eta baita Santuen irudiak ere. Aurten, apostoluek eskuetan daramatzaten sinboloak eta Ama birjinaren irudietako batek apurtuta zuen behatza konpondu dira. Ez dira ordea, aparteko lanak izan.

  San Frantziskoren estandartea konpondu beharra dago eta litekeena da datorren urterako egitea. Baina lan handia da, 100 urte pasa dituen estandartea guztiz berritu behar delako eta aurrez, duen urrezko hari guztia kendu egin behar delako. Urtebeteko lana litzatekeela adierazi digute apostoladoaren kofradiako kideek. Urtebeteko lana eta ez merkea gainera. Konpontzera eraman ala ez kofradiak uztailean egingo duen bileran erabakiko dute. Baina hala eginez gero, datorren urteko prozesiñoan ikusi ahal izango dugu.

  Prozesiñoarekin jarraituz eta apostoldoaren kofradiak orain urte batzuk hartutako bideari jarraituz, santuz janzten diren kofradiakideak rotatzen, aldatzen jarraituko dute. Aurten berriro ere, Fernando Diaz izango da San Migel jantziko dena. Ama Birjinaren atirbutua eramaten berriz, Marilo Unzurrunzaga irtengo da.

  Baina domekara itxaron gabe, Oñatzeko dantzariak ia kalean dira. Eguzkia lagun, esan bezala, 9 eta erdiak inguruan 4 dantzari talde auzo ezberdinetara bideratu dira. Dantzariak eurak dira tradizioz  korpus egunaren inguruko ospakizunak badatozenaren mezulari. Zubillaga, Zañartu, Torreauzo, Garagartza, Santxolopetegi, Uribarri, Murgixa, Larraña eta Olabarrietan esaterako ikusi dituzte. Arratsaldean, Kasablanka, Ugarkalde eta San Martin etxaldeetan arituko dira eta gaurko erronda, San Martin egoitzan amaituko dute. Bihar, dantzok herriko kaleetan eskainiko dituzte. Dantza eskaintza honen truke, Oñatzekoek, auzotarren eta kaletarren dirua jasotzeko ohiturari ere eusten diote.

  Eta dantzarien santu laguntzea, apostoluen janzte prozesua eta tradizioaren inguruko argibideak emanez, bisita gidatu berezia egingo da domeka goizean 10ak laurden gutxitan turismo bulegotik abiatuta.

  Aipagarria da bestalde, Prozesiño ondoren Musika bandak eskaini ohi duen kontzertuan, Antonino Ibarrondok osatu zuen “Korputzetako arku dantza” izeneko doinua estreinatu egingo dela.

  Korpuzti ospakizunek trafikoan ere eragingo dute, erdiguneko kaleak tarteka itxiko dira. Bihar, arratsaldeko lasterketak iraun bitartean eta domekan egun osoan zehar, Unibertsitate Etorbidea eta Txaketuaneko bidegurutzea bitartean errepidea itxi egingo da, lokomotora ondoko errotondatik Aker taberna pareraino bodea itxita egongo da. Ibilgailuak Portu kalera bideratuko dira.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: www.oinati.eu/eu/turismoa