Eguraldi prebisioak eta auzo-bide nahiz kaleen egoera hurbiletik zainduko da asteburuan

2018/02/02
Udaleko elur protokoloak izendatzen dituen arduradunak guardian daude

  Arratsaldean zehar aterrunean zabalduz joan diren arren, tarteka prezipitazioa botatzen du eta 400metrotik gora elurretan da. Herrigunean ere, elurra mara-mara bota du zenbait unetan. Datozen orduetan ordea, egoerak hobera egitea aurreikusten da. Bihar goizaldean zaparrada batzuk botako ditu oraindik, elur-kota 400-600 metrora dagoela. Goizetik aurrera epeltzera egingo du eta elur-kota ere igoko da, egunaren erdiko orduetan 800-1000 metro inguruan kokatuz. Eguerdian prezipitazioa ez da ugaria izango eta tenperatura maximoak 5 eta 10 ºC artekoak izango dira. Baina ez du luzaroan iraungo, arratsaldean zerua estali eta euri zaparradak berriro itzuliko baitira. Elur-kotak behera egingo du eta egunaren amaieran 600-800 metro artean egongo da. Igandean ezegonkortasuna nagusituko da berriro. Goizaldean elur kota 400-600 metrora jaitsiko da. Mendebaldeko eskualdeetan zerua hodeitsu egongo da orokorrean eta tarteka prezipitatu dezake. Ekialdean aldiz, ostarteak zabaltzea aurreikusten da. Baina noizbehinka zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Hotz egingo du.

  Oñatin, neguko protokoloa elur maila 400 metrora jaisten denean aktibatzen da. Horregatik, egoera zaindu eta beharrezkoa denean, baliabide pertsonal eta materialak martxan jartzearen arduradunak guardian egongo dira asteburu osoan. Abisu guztiak udaltzaingoan zentralizatuko dira: 943 081000 telefono zenbakian.

  Gaur goizean palaz hornitutako ibilgailuak auzo-bideak garbitzen egon dira, eta eskuz maneiatzen diren pala-makinez oinezkoen bideak garbitu dira goizeko lehen orduetan, herrigunean. Elurrak, erdiguneko kaleak zuritu baititu. Arantzazu eta goialdeko auzoetan elurra erruz bota du eta 20 zentimetrotik gorako geruza eragin du. Arantzazu eta Udanarako errepidea garbitzen aritu dira Diputazioko elur-makinak eta suhiltzaileak. Baina tarteka elur berria botatzen duenez, arreta handiz ibiltzeko gomendioa egiten da Segurtasun sailetik.

Iturria: Oñati Irratia

Arantzazu gaur goizean (Arg:Goiena)