Oñatiko udala

Egun morearen data berria, aniztasun kulturalaren eguna eta euskal preso eta iheslari politikoekiko elkartasun bazkaria dira, Txosna batzordeak prestatu duen jai egitarauaren berrikuntza nagusiak.

2014/09/23

  Aurten egun morea irailaren 27an, larunbatean egingo da. Jaien hasiera “ofiziala” edo igandean bada ere, txosna gunea ostiralean irekiko da eta  zapaturako egun osoko egitaraua antolatu dutela jakinarazi du txosna batzordeak prentsa ohar bidez. Egun morean, ohiko poteoa, bazkaria eta olinpiada moreak ospatuko dira eta egunari amaiera emateko kontzertua izango da Euskabaret, Han eta Furia taldeekin.

  Nagusien danborradan, txosna batzordeak bere konpartsa izango duela gogoratuz, parte hartzeko aukera oraindik badela eta, herritarrak animatzen dituzte.

  Irailaren 29a, berriz, Acesmak antolatuta aniztasun kulturalaren eguna izango da Txosnagunean. Hala, herriko etorkinen jatorrizko herrialdetako hainbat ohitura eta ikuskizunekin gozatzeko aukera izango da.

  30ean pelota txapelketako finalarekin batera, euskal preso eta iheslari politikoekiko elkartasun bazkaria egingo da.

  Gainerako egunetan ohiko egitaraua egongo dela azpimarratzen du Txosna batzordeak: urriaren 3an karrikaldia, herri egunean preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekitaldia eta Gozategi eta Ezten Girorekin erromeria. Errosaixo egunian ibilgailu klasikoen erakusketa, tortilla txapelketa, txapa tailerra, eragileen azoka eta bideo emanaldia.

  Eta jaiei amaiera emateko Errosaixo Bixamonean paellada eta di-bertsio kontzertuak herriko musikarien eskutik.

  Txosnagunean, aurten ere, egon daitezkeen eraso sexistei erantzuteko protokoloa  egongo da. Kanpotik datorren jendearentzat gaztetxean lotarako lekua egingo da eta sukaldeko txosnan ateratzen den dirua BERRIA egunkariari laguntzeko izango da. Bide batez esan dezagun, Euskaltegiak eta herriko ikastetxeek sukalde txosna horretan lan egiteko gertu azaldu direla. Dena den, laguntzeko prest dauden herritarrak ongi etorriak izango dira. Nahi duenak, Oñatiko BERRIAlagunak taldekoekin harremanetan jarri behar du honako telefonora deituta: 688843901

  Bestelakoan, txosna batzordeak antolatu dituen bazkari ezberdinetarako txartelak salgai jarriko dira Boga, Arrano eta Ona tabernatan. Herri Egunean Antixenan egingo den bazkarirako berriz, izena, Ona tabernan edo Gaztetxean eman behar da.

  Txosna batzordea, honako eragileek osatzen dute: Acesma, Udana Oñatiko motor taldea, Mirentxin, Narrarte off road, Ernai, San Martingo etxe okupatuko asanblada, presoen lagunak, aht ez, fan hemendik, emakume asanblada feminista eta Antixeneko asanbladak.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!