Oñatiko udala

Egun kalean dauden zakarrontziak berrerabiliko dira hondakinak atalka jaso ahal izateko.

2013/02/08
Udaleko zerbitzuak departamentuan, ontzi berrituen kokapena eta ezartze egutegia zehazten ari dira.

  Une honetan, Oñatin, 420 zakarrontzi daude kale eta auzunetan. Probak egin dira eta hondakinak atalka jaso ahal izateko zakarrontzi horiek berrerabili daitezkeela ikusi da. Hala egitea merkeagoa ere badela ikusi da eta ondorioz, ontzi berriak erosi gabe, egun kalean daudenak berrerabiltzea erabaki da.

  Horretarako, zuriak edo beltzak diren zakarrontziak tratatu eta hondakin frakzio bakoitza identifikatzen duen kolorez margotuko dira. Ontzietarako direnak horiz margotuko dira, papera edo kartoirako direnak urdinez, organikorako direnak marroiez eta errefusarako direnak grisez. Oñatiko enpresa batetan egingo da garbitze eta margotze lan hori.

  Baina egun kalean dauden zakarrontziak berrerabiltzeak aurrez planifikazio lana eskatzen du. Zakarrontzi guztiak ezin baitira aldi berean kendu eta moldaketa egiteko gutxieneko denbora ere behar delako. Udaleko zerbitzuak departamentuko teknikoak ari dira guzti hori zehazten. Hau da, zakarrontziak noiz eta zein kopurutan erretiratu, berrituak non kokatu eta ezartze lan hori egutegian finkatzen.

  Egun gure kaleetan, 420 zakarrontzi daudela esan dugu. Etorkizunean ere kopurua berdintsua mantenduko da baina kokapena aldatuta, bai behintzat  kasu batzuetan. Gaur egun, hondakin mota guztiak jasotzen dituzten lau zakarrontzirekin, atalka jasoko dituzten gune bakarra egokituko baita. Ontzi berrituak beraz, 100nen bat lekutan kokatuko dira. Gune horiek identifikatzen hasi dira eta asmoa, hondakinak atalka jaso ahal izateko ontzi berrituak, otsaila amaiera-martxo hasieran jada jartzen hastea da. 

  Aste gutxi barru beraz, hondakinak atalka berezitu eta biltzeko azpiegitura kalean egongo da. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!