Eguerdian ireki dira herriko lorategi eta berdeguneen mantentze lanen zerbitzua esleitzeko prozeduran, enpresek aurkeztutako memoria teknikoen plikak

2015/03/26
Card image cap
Lizitaziora, bost enpresa eta UTE presentatu dira

  Memoria teknikoan, prozesuan parte hartzen duten enpresek hainbat alor landu eta zehaztu behar izan dituzte: zerbitzuan arituko diren langileak eta erabiliko den makineria, zerbitzuaren antolaketa orokorra  eta kontrol sistemak eta hobekuntza proposmenak bai zehaztutako plegu teknikoarekiko eta ingurumenarekiko.

  Kontratazio mahaiak faktore horiek aztertu eta baloratuko ditu, jakinik, 100neko puntuazio orokorrean, 49 puntu pilatzeko bidea emango diela enpresei. Beste 51 puntuak, eskaintza ekonomikoaren arabera eskuratu ahal izango dira. Baina gaur memoria teknikoak jasotzen zituzten plika edo kartazalak  ireki dira.

  Udalak, lorezaintza zerbitzua kontratatzeko lizitazio honetan herriko berdegune, parke, lorategi eta zuhaizti publikoen mantenimendu, iraunarazpen, birjarpen eta hobekuntza zerbitzua bildu du. Mantendu beharreko azalera 245.000 m²-koa da eta eremuak berriz, Oñatiko berdegune publiko guztiak, kiroldegiko igerilekuko kanpoko berdegunea, San Martin eta Santa Lutzia zuhaiztiak eta Usako. Gainera,  Olakuako urmaelaren eta auzokonpost-guneen mantentze lana egin eta beharra dagoenean, udal hilerriko lorezaintza-lanetan ere lagunduko da. Gune bakoitzaren ezaugarrien arabera, mantentze lanak nola eta zenbatero egin beharko diren zerrendatu ziren baldintza plegoan. Era berean, enpresak jarri beharko lituzkeen gutxieneko giza baliabideak ere zehaztu ziren. Lorezaintza zerbitzua kontratatzeko lizitazio prezioa bestalde ia 236 mila eurotan mugatu zuen udalak.

  Guzti horiek kontutan hartuta, 5 enpresa eta UTE aurkeztu dira prozesura. Tartean, azken urteetan herriko lorezaintza zerbitzuaz arduratu den LORELAN enpresa.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!