Eguerdian ireki dira Gaztelekuko hainbat zerbitzuren kontratazio prozesura aurkeztu diren bi enpresen B kartazalak.

2014/12/17
Epai mahaia bihar bilduko da proposamenak baloratzeko.

  Izan ere, presazko izaera baitu Gaztelekuko hainbat zerbitzu kontratatzeak, lan horretan diharduten enpresekin sinatu ziren hitzarmenak luzatu baitira esleipen berria egin bitartean. Horretxegatik, eskaintzak egiteko epea, 15 egunera mugatu zen eta epai mahaia berehalakoan hasi da dokumentazioa ikusten.

  Bi dira prozesura aurkeztu diren enpresak, eta bakoitzari dagokion dokumentazioa errebisatu eta zuzen eta egunean daudela egiaztatu ondoren,  zerbitzurako proposatzen den proiektua jasotzen duen B kartazala ireki da. Aipagarria da, enpresek osatu duten memoria horretan, proiektuaren helburu eta oinarritze teorikoak, lan metodologia, herriaren errealitatera egokitutako proposamena eta bestelako hobekuntza proposamenak landu behar izan dituztela. Atal honek, guztira eskuratu ahal izango diren 100 puntutik 80 lortzeko aukera emango die enpresei.

  Gaur, plikak ireki eta eskatutako dokumentazioa dagoela egiaztatuko du kontratazio mahaiak eta bihar jada, epai mahaia bilduko da, memoria horiek baloratzera. Okerrik ezean, datozen egunetan eskaintza ekonomikoa jasotzen duen hirugarren kartazala irekiko da eta esleipena, urtea amaitu baino lehen edo 2015a hasi berritan egin ahal izango da.

  Udalak, Gaztelekuak une honetan eskaintzen dituen zerbitzuak bildu eta horien kudeaketa eta dinamizazioa lizitazio deialdi bakarrean esleitu nahi ditu. Gazte informazio puntua, informatika gela, Topalekuko zerbitzua, sotoko 0-7 urte arteko haurren eta familien gunea eta kuboko  8-12 urte bitarteko haurrentzako  zerbitzua eta Gaztelekuko  bilera  gelen erabilera kudeaketa dira, lizitaziora, deialdi bateratuan atera direnak.

  Horretarako zehaztu den lizitazio prezioa, BEZa kanpo delarik, 127.000 eurotan mugatu du udalak. Horrek esanahi du, enpresek, horren pareko edo merkeagoa den proposamena aurkeztu behar izan dutela. Baina eskaintza horiek ez dira orain ezagutuko, plika ekonomikoak irekitzen direnean baizik.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!