EAJk proposamen ugari egin ditu 2019ko udal aurrekontuen proiektua hobetzeko asmoz

2018/12/04
Etxebizitza hutsak alokairu babestuko merkatura bideratzeko neurriak hartzea proposatu du, besteak beste

  Sektore desberdinetako eragileekin kontrastatu ondoren, herritarrek helarazitako hainbat proposamen eta hauteskunde programan jaso zituztenak proposatu ditu EAJk datorren urteko udal aurrekontuetan txertatu daitezen. Oñatiarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuna ematera bideratuta prentsara zabaldutako testuan azaltzen denez.

  Proposatutako berritasunetako bat etxebizitza hutsak alokairu babestura bideratzeko neurriak hartzea da. Alokabiderekin hitzarmena sinatzea proposatzen dute, Etxebiden izena emanda dutenek etxebizitza prezio eskuragarrian alokatu dezaten, Bizigune programari esker. Bizigune programan sartzeko obren beharra duten etxebizitza hutsak egokitzeko diru laguntzak ematea ere proposatzen dute jeltzaleek.

  Olakua eta Olapotoko ingurua birgaitzeko irisgarritasun eta argiztapena hobetzeko lanak lehenbailehen hastea eskatzen du EAJk. Kirol arloan, egungo instalazioak hobetzeko, hiru azterketa tekniko egitea proposatzen dute: kanpoko igerilekua eta aisialdi gunea, Urrutxuko atletismo eta futbol gunea eta San Martingo hariztian korrika egiteko pista. Era berean, bizikleta eta patineteen zirkulazioa arautuko duen udal ordenantza egitea eskatu dute berriro. Eta aurreko urteetan egin bezala, baita ere, Oñatik Euskadi lagunkoia programan parte hartzea proposatu dute. Programa honek zahartze aktiboa eta herria adin guztietako pertsonentzat izan dadin neurri eta politikak sustatzea du helburu.

  Lehenengo eta hirugarren sektoreak garatu ahal izateko berriz, egoeraren diagnosia egin eta neurri zehatzak hartzea eskatzen dute jeltzaleek. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ustiapenetan hobekuntzak egiteko egungo egoeraren azterketa egitea proposatzen dute. Baita merkataritza eta ostalaritza arloan ere, bereziki, belaunaldi aldaketa erraztu eta internet edota azalera handien konpetentziari erantzun egokia eman ahal izateko. Bi sektoretan, diru laguntza linea berriak sortzea proposatzen dute. Mugarrien digitalizazio egin eta landa auzoetako argiztapena hobetzea ere proposatu dute jeltzaleek.

  15-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta Gazteen Astea urtero antolatzea, ikasketa gelak ordutegi eta egutegi zabalagoan irekitzea eta kirol esparruetan euskara erabiltzea sustatzeko begiraleei zuzendutako programa bat garatzea eskatu du EAJren udal taldeak. Kultur eta gizarte ekipamenduen azterketa sakona egitea ere proposatzen du, indargune eta ahulguneak ezagututa, kudeaketa eraginkorragoa egiteko. Auzoetako jai batzordeek izaten dituzten zailtasunak gainditzeko laguntza ekonomiko eta aholkularitza teknikoa ematea proposatzen da eta kulturaren eta sorkuntzaren inguruko lana aintzatetsiko dituzten sariak sortzea. Ikasle migranteen harrera egiten duen hezkuntza programa aztertzea proposatzen da, ikuspuntu akademiko, euskara nahiz inklusioaren aldetik. Ikasle horientzat eskola eta kirol materialerako laguntzak sortzea ere proposatzen dute jeltzaleek.

  Proposamen hauetako batzuk udal aurrekontuen proiektuan txertatu dituztela aurreratu digu gaur Mikel Biainek ALKATERAREKIN BERBETAN saioan, baina jeltzaleak guztiz aseko ote dituen bihar jakingo dugu, 18:00tan hasiko den Osoko Bilkuran 2019ko udal aurrekontuan eztabaidatu eta onartuko baitira.

Iturria: Oñati Irratia