EAJk 25 proposamen aurkeztu zituen 2020ko udal aurrekontuetarako baina gobernu taldeak 5 bakarrik onartu dituela azaldu du

2019/12/18
Card image cap
Biharko Osoko Bilkuran onartuko dira datorren urterako aurrekontuak

  Guztira 510.000 euro batzen dituzten proposamenak egin zituzten hasieran jeltzaleek, prentsara zabaldu duten oharrean diotenez. Udal gobernuarekin adostasunera heltzeko asmoz laurdenera jaitsi edo doitu zuten hasierako proposamena eta azkenean 62.000 euroko kopuruari dagozkionak soilik onartu ditu udal gobernuak. Proiektu konkretuak aipatzean, hauek dira udal gobernuarekin adostuta 2020ko udal aurrekontuetan jasoko diren bost proiektuak, EAJren esanetan: Azkoagain futbol zelaiko instalazioak hobetzeko lanak, Arantzazuko komunak konpontzeko proiektua, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren diagnostikoa, landa auzoetako argiteria hobetzeko plan orokorra egitea eta lehen eremu bat argiztatzea eta Ostalaritza eta Zaintza zerbitzuetan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak aurrera eramatea.

  Adostasunetik kanpo geratu diren proposamenak lirateke, berriz, Olakua-Olapoto auzoko irisgarritasuna hobetzeko obrak, Bizikidetza ordenantza, kultur ekintzak iragarri eta herritarrei informazio helarazteko LED pantaila jartzea, azterketa garaian Kultur etxea asteburutan zabaltzea, Euskadi lagunkoia programarekin bat egitea, nerabeen adikzioak prebenitzeko plana eta herrian merkataritza sustatzeko partida berezi bat sortzea, besteak beste.  

  Proposamenak egiteaz gain, jeltzaleek azpimarra jarri nahi izan dute bai 2019rako eta bai 2020rako herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren baitan egindako ekarpenetan, eta aurten bete ez direnak eta hurrengo urterako aurreikusita zeudenak, guztiak, aurrekontuetan jaso eta betetzea eskatu dute.

  Proposamenak egiterakoan eta udal gobernuarekin izandako elkarrizketetan, helburua herritarren beharrei ahalik eta egokien erantzutea izan dela azaldu du Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak. Herri ordezkariak diren aldetik oñatiarrekin eta oñatiarrentzat lan egiteko konpromisoa berretsi du Galdosek.

  2020ko udal aurrekontuak biharko Osoko Bilkuran aztertu eta onartuko dira.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!