EAJ kezkatuta dago udal aurrekontuetan onartu diren aldaketa eta egokitzeak direla eta

2016/04/18
Card image cap
"Planifikazio eza eta inprobisazioa" leporatzen dizkio Gobernu Taldeari

  Gaia, azken Osoko Bilkuraren haritik dator. Orduan, 2016rako aurreikusita zeuden hainbat inbertsio 2017an gauzatzeko konpromisoa hartzea eta 2015eko aurrekontuaren likidazioko diruzaintza gerakina, aurtengo aurrekontuaren egonkortasun defizita estaltzera bideratzea onartu zen. Onartu, EH Bilduren botoz, EAJ kontra azaldu baitzen.

  San Martingo etxe tutelatuen eraikitzea, Zubillagako lanak eta udaletxeko berokuntza sistema aldatzeko lanak aurten hasi arren, 2017an guztiz gauzatu daitezen inbertsioak periodifikatu eta 2017ko ekitaldirako lan hauei dagozkien ia 982.000 euroko konpromiso kreditua onartu zen. Bestalde, 2015eko aurrekontuaren likidazioko 3 milioi euroko diruzaintza gerakina, 2016ko aurrekontuaren egonkor defizita estaltzera bideratzea ere onartu zen azken Osoko Bilkuran. 

  EAJ, aldaketa hauen kontra agertu zen, prebisiorik gabe jokatu zela argudiatuz. Aurrekontuak onartu eta hiru hilabetera aldatzea ekidin zitekeela, lanak aurrez ondo egin balira. Proposatutako aldaketekin, txosten ekonomiko finantzeroa egin beharra eta Foru Aldundiaren zaintzapean jausteko arriskua saihestu zela esan zuen, orduan jeltzaleen bozeramale lanetan aritu zen Lourdes Idoiagak. Mikel Biain alkateak erantzun zion egindako diagnostikoa oso alarmista zela esanez eta Oñatiko Udalaren diru kontuak saneatuta daudela erantsi zuen.

  Baina jeltzaleak kezkatuta daudela adieraziz prentsa oharra kaleratu dute. Bertan, Udal Gobernuari, planifikazio eza eta inprobisazioa leporatu diote. Gastu arruntak eta diru sarrerak maila berean ez haztearen ondorioz, defizita sortu dela eta hori kitatzeko, aurreko urteko soberakina behar izan dela azaldu du Miren Elgarresta jeltzaleak. Horregatik, EAJren taldearen aburuz, Oñatik beste kudeaketa eredu bat behar du. Ondo planifikatu, tentuz jardun eta gaitasun ekonomikora zuhur lotutako inbertsio egokienak gauzatuz. Horren haritik, EAJ elkarlanerako eta Udal Gobernuari laguntzeko gertu azaldu da, zorroztasun eta zuhurtziaren bideari helduz aurrekontu-oreka berreskuratzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!