EAJ-k Regino Biain eta Edurne Galartza jeltzale oñatiarrak omenduko ditu Intxortako Erresistentzia Egunaren harira

2016/04/20
Card image cap
Joseba Egibat GBBko lehendakaria etorriko da ostiralean Batzokian egingo den omenaldira

  Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Elgetako Udalak antolatu ohi dute Intxortako Erresistentzia Eguna. Aurtengoa, 1936ko altxamenduan erresistentzian aritu ziren edota errepresioa jasan zuten emakumeak omenduko dira, tartean Edurne Galartza oñatiarra. Iaz, Intxorta mendi inguruetan borrokatu ziren miliziano eta gudariak omendu ziren. Hor ere izan zen oñatiarrik, Itxarkundia Batailoiko gudari izan zen Regino Biain. Domekan ospatuko den Intxortako Erresistentzia Egunaren harira Oñatiko EAJk Biain eta Galartza herritarrak omenduko ditu ostiral arratsaldean.

  Jeltzaleek eskerrak eman nahi dizkiete erresistentzian aritutako pertsona guztiei eta bereziki, aipatu bi jeltzaleei, biak izan zirelako aitzindari, ekintzaile, eragile eta eredugarriak. Oñatiar aitzindari hauei omenaldi goxoa eta lagunartekoa egin nahi die Oñatiko Uri Buru Batzarrak.

  Ostiral arratsaldean Batzokian egingo den ekitaldian, harrera egin eta ongietorria emango zaie omendu eta senitartekoei eta ondoren, guda garaian eta ostean erresistentzian aritutako gizon-emakume guztiei eskerrak emanez idatzi bat irakurriko da. Amaitzeko, Joseba Egibar GBBko lehendakariak berba egingo du.

  Ekitaldi irekia izango da eta interesa duen herritar orok parte hartu ahal izango du. Regino Biain eta Edurne Galartza jeltzaleei egingo zaien omenaldia, ostiralean, 19.30tan hasiko da Batzokian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!