Oñatiko udala

Dozena bat isun jartzen dira egunero bataz beste, "bertakoentzako" aparkalekuak ez errespetatzeagatik

2017/01/16
Card image cap
Pasa den astelehenean hasi ziren udaltzainak errotazioko aparkaguneetan isunak jartzen

  TAO/OTA aparkatze sistema berria indarrean abendu erdialdean sartu bazen ere, lehenengo asteetan informazio eta jakinarazpen lana egin dute udaltzainek. Non, nola, zenbat denboraz aparkatu zitekeen azaltzen aritu dira. Bide batez, bertakoentzako gordetako aparkalekuak erabiltzeko eskaerak bideratu ziren eta txartelak udaletxean banatu ziren. Denak ez dira jaso, eta zentzu horretan deialdia egiten zaie bertakoentzako txartela eskatu baina oraindik eskuratu ez dutenei, udaletxeko harrera bulegotik pasa daitezen.

  Lehen informazio eta egokitze epearen ondoren astelehenean hasi ziren udaltzainak ikusitako arau hausteak zigortzen, isunak jartzen, eta bataz beste, eguneko, dozena bat isun jartzen ari direla adierazi digu Udaltzainburuak. Aipagarria da, isun gehienak bertakoentzako aparkalekuetan jarri direla, hain zuzen ere, hartarako txartela izan gabe, edo gutxienik agerian eta begi bistan jarri gabe, autoa aparkatzeagatik. Pasa den astean, halako kasu gehienak Bidebarrieta kalearen amaieran ikusi ziren baina asteburuan, Aita Madina kalean dentistanian deritzon gunean ere isunak jarri dira.

  Bertakoentzako gordetako hiru gune daude Bidebarrieta inguruan: Zurrust taberna inguruan, Errementari plazan eta Oñatiko Yoga taldearen lokal aurrealdean. Kale zahar inguruan berriz, beste bi: Aita Mortara kalean eta Aita Madina kalean dentistanian deritzon zabalgunea. Gune horietan guztietan B letra zuriak margotu dira lurrean Bertakoentzako gordeta dauden aparkalekuak direla adieraziz. Ondorioz, halakoetan autoa uzteko txartela ez dutenek ezin dute aparkatu. Araua hausteak 30 euroko isuna jasotzea dakar.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!