Dirulaguntza publikoen inpaktu soziala neurtzeko esperientziaz azalpenak eman ditu Nerea Zubia zinegotziak Foru Aldundian

2019/02/21
Oñati eta Usurbilgo udaletan probatutako metodologia zabaltzeko aukera aztertzen aritu dira

  Foru Aldundiaren Etorkizuna eraikiz gunean antolatu da ZIRRARA metodologiari buruzko informazio topaketa. Zirrara  metodologia  probatzeko esperientzia pilotua Diputazioaren babes ekonomikoaz egin zen eta asmoa, erakunde publiko ezberdinetara zabaltzea da. Horregatik, metodologia bera zertan den eta egin diren bi probetan zein emaitza izan diren azaltzeko jardunaldia burutu da Donostian.

  Administrazio publikoen aurrekontuen eraginkortasuna eta kontu-emateak leku berezia hartzen ari dira. Gobernuak bereziki ahalegintzen dira ongi azaltzen dirua zertan eta nola inbertitzen den. Testuinguru horretan garrantzitsua da jakitea erakunde publikoek ematen dituzten dirulaguntzek gizartean duten eragina edo inpaktua zein den. Hori neurtzeko metodologia berria garatu zuen Elhuyar aholkularitzak. Oñati eta Usurbilgo udaletan praktikan jarri zen hainbat arlotako dirulaguntzen inpaktua neurtuz. Horretarako Sinnple Gizarte Berrikuntzaren laguntza izan zuen Elhuyarrek. Udal nahiz enpresa horietako ordezkariek berba egin dute Donostiako topaketan, esperientzia nola bizi izan zuten eta jasotako emaitzak azalduz. 

  Oñatin, Zirrara metodologia kultura eta auzotasun programako  dirulaguntzetan aplikatu zen, eta dirulaguntza horiei esker zenbat ekintza eta zenbat herritarren partaidetzaz egin ziren ikusi ahal izan zen, besteak beste. Metodologia, dirulaguntzen ikuspegi estrategikoa garatzen laguntzeko tresna egokia dela ondorioztatu zen, deialdi bakoitzaren indarguneak identifikatu eta hobetzeko alderdiak ikusarazten baititu.

  Gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian egin den aurkezpen ekitaldian, hainbat udal eta bestelako erakunde publikoetako ordezkariek parte hartu dute. Metodologia bera azaldu da eta kasu praktiko baten ariketa egin dute. Nerea Zubia zinegotziak, Oñatiko esperientziaren berri eman du, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia