Diru kontuak eta jarduera ezberdinetarako udalak eskaintzen dituen bitarteko eta laguntzak nagusi dira gaurko Osoko Bilkurarako lan zerrendan

2015/04/30
Card image cap
Arantzazuko harrobiaren inguruko mozioa ere aztertuko da

  2015eko apirileko azken egunean gauden honetan, iazko aurrekontua ixteko du udalak. Hala, 2014ko aurrekontuaren likidazioa jasotzen duen dekretuaren berri arratsaldeko Osoko Bilkuran emango da. Baina orokorrean, diru kontuak nagusi izango dira gaurko bilkuran, jarduera ezberdinetarako udalak eskaintzen dituen bitarteko eta laguntzen inguruko gaiak eztabaidatuko baitira. 

  Enpresa berrien sustapenerako eta langabetuen kontrataziorako laguntzen arautegia behin betiko izaeraz onartzea proposatuko da eta Olaburu zentroan dauden lokalak erabiltzeko zortzi eskaera aztertuko dira. Batzuk eskaera berriak dira, beste batzuk berriz, kontratua amaitzear dutela eta luzapen eskaerak.

  Ekonomiari lotuta, Oñatiko lehen sektorea bultzatzeko eta sustatzeko laguntzen 2015eko deialdia egitea ere proposatuko da arratsaldeko bileran.

Era berean, gazte elkarte eta sormenerako diru laguntzen deialdia zabaltzea ere proposatuko da. Batzuetan deialdia egin eta beste batzuetan, diru laguntzak jasotzeko bideratu diren eskaeren inguruko erabakia hartzea, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteentzako aurtengo diru laguntzak nola banatu eztabaidatuko baita arratsaldeko Osokoan.

  Gaurko Osoko Bilkuran, mozio proposamen bat ere egingo da. Arantzazuko harrobiaren inguruan EH Bildu udal taldeak osatu duen mozio idatzia irakurri eta onartzea proposatuko da.

  Apirileko Osoko Bilkurarako 20 gai jaso dira lan zerrendan. 19.30tan hasiko da bilera eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!