Dena prest dago Oñatiko VII. bertso txapelketa hasi dadin.

2014/11/20
Card image cap
Bi kanporaketetan parte hartuko duten bertsolarien izenak zehaztu dira eta herritarrek proposatutako gaiak egokitzen ari dira.

  Herenegun, asteartean egin zen kanporaketa bakoitzean arituko diren bi seikoteak zehazteko zozketa.

  Datorren zapatuan, azaroaren 29an Antixena Gaztetxean arituko direnak:  Maider Arregi, egungo txapelduna eta  Iñaki Olalde, Andoni Goitia, Ander Lizarralde, Egoitz Aizpuru eta Urko Egaña izango dira. Abenduaren 6an  Arrano tabernan jokatuko den bigarren kanporaketan ondorioz, Gontzal Belategi, Iosu Igartua, Urko Arregi, Xabi Paskual, Joseba Lasagabaster eta Gorka Larrea arituko dira.

  Finala berriz, abenduaren 20an jokatuko da Gaztelekuan. Saio guztiak, arratsaldeko 18:00etan hasiko dira.

  Kanporaketa saioetan, lehenengo postuan sailkatzen den bertsolaria  zuzenean pasako da finalera. Gainontzeko lau finalistak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

  Oñatiko VII. bertso txapelketa honek berezitasunik ere izan du eta hori gaiak proposatzeko herritarrei, bertsozaleei eman zaien parte hartze aukera da. Antolatzaileak oso pozik agertu dira, hartarako propio herriko zenbait tabernetan jarri ziren kutxetan 200 gai inguru batu baitira. Gai horiek, saioetan txertatzeko egokitzen ari dira.

  Gaiak, ideiak edo egoerak proposatuz parte hartu duten herritarren artean,  Oñatiko produktuz osatuta otarra zozkatuko da. Zozketa, Abenduaren 20an jokatuko den finaleko saioan egingo da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!