Debagoieneko trantsizio energetikoan eragiteko gakoak identifikatu ditu Debagoiena 2030 ekimenak

2021/03/12
Card image cap
Egindako diagnostikoa eskualdeko eragileekin partekatu eta ondorioak kontrastatu dira

  Debagoieneko energia eredu urbanoaren gaineko azterketa egin du Debagoiena 2030 ekimenak eta Debagoieneko trantsizio energetikoan eragiteko ildo desberdinak identifikatu dira. Eraikinen eraberritze energetikoa, energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa bultzatzea eta trantsizio energetikoaren inguruan sor daitezkeen jarduera ekonomiko berriak sustatzea dira identifikatutako erronka nagusiak.

  Urritik otsailera egindako analisi eta diagnostikoaren lehen emaitza eskualdeko 50 eragile baino gehiagori aurkeztu zitzaien pasa den astean eta ondorioak kontrastatu ziren. Eragile horietako batzuk erakunde publikoetako ordezkariak ziren, baita enpresa mundukoak nahiz hezkuntza eta energiaren bueltan lanean dihardutenak ere, tartean ziren Oñatiko udala edota ULMAko ordezkariak. 

  Trantsizio energetikoan eragiteko ildo nagusiak identifikatuta, hauei erantzuteko oinarri edo ardatzak ere zehaztu dira: herritarren sentsibilizazioa lantzea ezinbestekotzat jotzen da baina aldi berean eredu kolaboratiboan jardutea, Debagoienean jadanik dauden egitura eta dinamikan indartzea eta soluzio berrien laborategi baten bitartez erronkei erantzuna emango dien soluzioak identifikatu eta prototipatzea. Hurrengo fasea berriz, esku-hartzearena izango da.

  Trantsizio energetikoan eragitea lehentasunezko gaitzat jo du Debagoiena 2030 ekimenak eta halaxe azpimarratu du diagnostikoan parte hartu duen Aritz Ameztegik gogoratuz aldaketa klimatikoak epe bat daukala, 1,5 gradu baino gehiago ezin baita igo lurraren tenperatuta 2050a bitartean, eta orain dela hazia ereiteko garaia baldin eta uzta denboraz eta ondo jaso nahi bada.

  Lurraldearen garapen komunitarioan sakonduz, 2050. urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena bateranzko eraldaketa bultzatzea helburu duen lankidetza sare irekia da D2030 ekimena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!