Debagoieneko Mankomunitatearen estatutu aldaketak eztabaida sortu du eskualdeko politikarien artean.

2015/02/20
Jeltzaleek, gardentasun eta partaidetza falta salatu dute eta Mankomunitateko ordezkariek, diote estatutuen lege egokitzapena soilik egin dela.

  Debagoieneko zinegotzi jeltzaleek Mankomunitateko estatutuak oposizioa kontutan hartu gabe aldatzea leporatu diote Bilduri. Hori adieraziz pentsaurrekoa egin zuten herenegun Bergaran.

  Elkarlanean aritzeko aukera ukatu zaiela eta ondorioz, adostasunetara iristea ezinezkoa izan dela adierazi zuten ordezkari jeltzaleek. Horren haritik, gardentasun eta partaidetza falta salatu zuten. Mankomunitateko estatutuen aldaketa proposamena bertan behera utzi eta eskualdeko alderdi politikoek beren ekarpenak egin ahal izateko parte hartze prozesu bati ekitea eskatu zuten.

  Jeltzaleei erantzunez, Inazio Azkarragaurizarrek, Mankomunitateko Lehendakariak prentsa-idatzia zabaldu du.

  Mankomunitatearen estatutu aldaketaren helburua, gaur egungo lege eta arauetara egokitzea dela aipatzen du. Ez dela legezko aldaketa handirik jaso eta gaur egun ematen diren zerbitzu eta funtzionamendua eguneratu soilik egin dela.

  Zentzu horretan, Mankomunitateko ordezkariak gogorarazten du, egungo estatutuak 1980an onartu zirela eta egun, guztiz zaharkituta daudela, 35 urte hauetan, lege eta arau berriak indarrean sartu diren arren hauek ez baitira estatutuetan islatu. Horregatik, eta azken legealdi guztietan estatutuak aldatzeko hainbat ahalegin egin diren arren, une honetan,  legez hartara behartuta daudela dio eta Herri Kontuen Euskal epaitegiak ere estatutuak aldatzeko premia azpimarratu du eransten du.

  Jeltzaleen salaketei erantzunez berriz, prozesua  gardentasun eta parte hartzerik gabe egin denik ukatzen du. Legeak eta Foru Arauak berak Mankomunitateen estatutuen aldaketarako jasotzen duen prozedurak  gardentasuna eta parte hartzea bermatzen baititu eta Mankomunitatea legean jasotako prozedura hori zorrotz betetzen ari dela dio Azkarragaurizarrek. Horretxegatik, estatutuak jendaurrean uztailean jarri aurretik, irailean jarri zirela adierazi du.

  Mankomunitateko estatutu aldaketen inguruan tirabirak sortu dira eskualdeko ordezkari politikoen artean. Aipagarria da, gaia, atzoko tokiko gobernu batzarrean aztertu zela eta datorren asteko Osoko Bilkurara eramango dela bertan erabaki dadin.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!