Debagoieneko Mankomunitateak errekarekin zer ikusia duten argazkiak eskatzen ditu erakusketa batean biltzeko.

2014/06/03
Erakusketa, urrian ospatuko den "Ura eta Erreka Deba Ibarrean" asteko ekitaldietako bat izango da.

  Mankomunitateak iaz egin bezala, ura eta erreken inguruko sentsibilizazio astea antolatzen dihardu. Urrian egin asmo da eta hitzaldiak, erreka-ertz garbiketa edota irteerak egingo lirateke. Herririk herri eramango den erakusketa ibiltaria ere prestatzen ari dira eta horretarako herritarren laguntza eskatu dute.

  Errekarekin zer ikusia duten irudiez osatutako argazki erakusketa muntatu nahi da. Baina mankomunitateak berak ez du halako artxiborik. Horretxegatik, erreka agertu edo zeharka bada ere, errekarekin zer ikusia duten antzinako argazkiak dituzten herritarrei, hauek mankomunitatearen esku uztea eskatzen da.

  Oñatiarron kasuan, argazkiak udaletxera eramatea eskatzen da eta ingurumen arloko teknikoei, Markel edo Aitorri ematea. Hauek dagozkien kopiak eginda originala bueltatuko dute. Posta elektronikoz ere bidali daiteke honako helbidera: antzinakoargazkixak@oinati.net helbidera.

  Argazkiekin batera, egin zuenaren izen-abizenak eta jabearenak zehaztea eskatzen da. Helbide eta telefonoarekin batera. Bide batez, argazkia irudi soil izan ez dadin, ahal den neurrian, nork atera zuen, noiz eta non edota agertzen den ekintzaren deskribapena eta ezagutuz gero irudiko pertsonen izenak zehaztea ere eskatzen da.

  Antzinako argazki hauek biltzeko, uztailaren 30a arteko epea jarri da. Beraz, halako irudi zaharren bat duenarik, datorren hile amaiera baino lehen udaletxera eraman edo posta elektronikoz bidaltzea eskatzen zaio.

  Bildutako argazki guztiekin, erakusketa ibiltaria egingo da esan bezala, eta herririk herri eramango da urrian ospatuko den “Ura eta Erreka Deba Ibarrean” astearen baitan.

Iturria: Oñati irratia

2013ko lehiaketako argazkia