Debagoiena, Elgoibar eta Zumaiako ZIG geletako ikasleen topaketak egin dira gaur Oñatin

2015/05/20
Card image cap
Zereginen Ikasketen Geletan diharduten 38 ikasleek elkar ezagutzeko aukera izan dute

  ZIG izeneko geletan maila ezberdineko ezintasun psikikoa duten ikasleek bat egiten dute. Ohiko ikasketa erritmoa jarraitzeko zailtasunak dituztenak, baina autonomia maila handia lortu dezaketenak. Horixe da ZIG gela hauen helburuetako bat, ikasleei eguneroko zereginetan autonomo izan daitezen erakutsi eta laguntzea.

  Oñati, Arrasate, Bergara, Elgoibar eta Zumaiako bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, sei ZIG gela edo talde daude eta gaur, elkar ezagutzeko topaketak egin dituzte gurean. 16 eta 20 urte bitarteko 38 ikasle eta hauei laguntzen etorri diren 15 irakasle elkartu dira.

  Lehen harrera Zauazola institutuan egin zaie. Ondoren, turismo bulegokoek gidatuta herria bisitatu dute eta Zubikoan  Larraña institutukoek antolatutako jolas eta kirol jarduerak egin dituzte. Amaitzeko institutuan luntxa eta musika jaialditxo txikia eskaini zaie.

  2011an hasi ziren eskualde mailako ZIG gelen topaketa hauek egiten. Orduan ere Oñatin egin zen eta Debagoienako zentroetako ikasleek soilik parte hartu zuten. Urtez urte zabalduz doan ekimena da eta gaur, Bergara, Arrasate eta Oñatikoekin batera, Elgoibar eta Zumaiako ikasle eta irakasleek bat egin dute.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!