Debagoiena, berrikuntzaren alde egiten duten enpresa gehien dituen eskualdea da Euskal Autonomia Erkidegoan.

2015/02/19
Debagoienako enpresa berritzaileen portzentajeak 10 puntutan gainditzen du erkidegoko bataz bestekoa.

  EUSTAT, estatistiken institutuak zabaldu dituen datuen arabera, 2013an, 10 langile edo gehiagoko enpresa berritzaileen portzentajea ia %38a zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Gipuzkoako ia eskualde guztiak bataz besteko horren gainetik daude eta nabarmentzekoa da Debagoiena, guztien buruan kokatzen dela, ia %47arekin.

  Taularen beste muturrean, Bilbo edo Arabar Errioxa kokatzen dira, %34 t’erdia eta 28arekin, urrenez urren.

  Debagoiena, esan bezala, berrikuntzaren alde egiten duten enpresa gehien biltzen dituen eskualdea dugu eta baita, informazioaren teknologiak  erabiltzen dituzten enpresa gehien biltzen dituena ere.

  EUSTATeko datuetara begiratuta berriro ere, eta 10 langile edo gehiago dituzten enpresei erreparatuta, Debagoiena eskualdea nabarmentzen da informazio eta komunikazioaren teknologia ekipamenduetan ondo hornituta dauden enpresen portzentajean.

  Gure eskualdean kokatzen diren erdi eta tamaina handiko enpresen  %  93 t’erdiak web orria dauka eta aipagarria da gainera, lautik hiruk, web orri horiek euskaraz ere badituztela.

  Enpresa barruan sare informatikoa, kasik enpresa guztiek dute % 98ak hain zuzen ere, eta kode irekidun programak berriz, % 85ak.

  Datu horiek, esan bezala, 10 langile edo gehiago dituzten enpresei dagozkie eta euskal erkidegoaren bataz bestekoaren goitik dagoen Debagoienari dagozkion datuak dira.

  Baina guztia ez da hain baikorra. Merkataritza elektronikoaren erabilera arloan oraindik egiteko lan asko baitago euskal enpresen artean. Internet konexio edo sare informatikoen instalazioak dituzten enpresak, % 98 edo 93a pasa direla diogun arren, merkataritza elektronikoa erabiltzen dutenak ez baitira, %30era iristen, beti ere, bataz beste. Debagoienean, merkataritza elektronikoari dagokion erabilera mediaren goitik dago baina baxua da oraindik, %34a. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!