Datozen bi urtetan herri epaimahaikide izateko hautagaien zerrendak ikusgai daude HAZ bulegoan

2020/09/08
18 urtetik gorako edonor izan daiteke epaimahaikide eta legez derrigorrezkoa da

  Herri epaimahai edo jurado popular deritzona, zigor-kodean jasota dagoen figura da. Zenbait delitu epaitzearen ardura herritarrez osatutako epaimahai hauei aitortzen zaie. Hartarako izendatzen diren herritarrak gainera, epaimahaikide izatera derrigortuta daude. Baldin eta, aurrez, epai mahaikide izan ez badira edo beste arrazoi konkretu bategatik hartarako ez gaitasun edo inkapazitate onartua ez badute.

  Herri epaimahaikide izan daitezkeen herritarrak izendatzeko zozketa irailaren 25ean egingo da Donostiako Atotxa jauregiko epaiketa aretoan. Orain izendatzen diren herritarrak, 2021 edo 2022. urteetan Gipuzkoan eratu daitezkeen juradoetan parte hartzeko deituak izan daitezke. Baina zozketaren aurretik hautagaien zerrendak ikusgai jarri eta akatsak zuzentzeko tramitea betetzen da. Eta horixe da hain zuzen udaletxetik jakinarazi dena, alegia, Oñatiko epaimahai gaien zerrenda HAZ bulegoan ikusgai dagoela, gaurtik irailaren 17ra arte. Kontsulta egiteko 010 doako telefonora deitu eta txanda eskatu behar da. Daturen bat oker dagoela ikusiz gero, horiek zuzentzeko Gipuzkoako INEren bulegora jo beharko da, Donostian.

  Herri epaimahaikide 18 urtetik gorako edonor izan daiteke. Gaur ikusgai jarri diren hautagaien zerrendak irailaren 16an 18 urte beteak edo gehiago dituztenak gogoan osatu dira.

Iturria: Oñati Irratia