Datorren astelehenean, hilaren 8an hasiko da ikasturte berria Oñatin.

2014/09/01
Card image cap
Bigarren Hezkuntzako ikasleek aurkezpenak izango dituzte eta gaztetxoagoek lehen eskolak. Zenbait mailatan, LOMCEa aplikatzen hasiko den ikasturtea izango da 2014-2015a.

  Horixe izango da astelehenean hasiko den ikasturteak ekarriko duen berritasun orokor nagusia. Legez behintzat, Lehen Hezkuntzako ziklo hasierako mailetan eta oinarrizko lanbide heziketan hezkuntza erreforma aplikatzen hasi beharko baita.

  Bestelakoan, eta Oñatira propio etorrita, guztiontzat kurtsoa irailaren 8an hasiko bada ere, hurrengo egunean, Arantzazuko amaren egunean, batzuek jai eta beste batzuek eskola izango dutela esan behar.

  Haur eta lehen hezkuntzako ikasleek,  eskolak astelehenean bertan hasiko dituzte. Baina bigarren hezkuntza eta lanbide heziketakoek, aurkezpenak izango dituzte.

  Elkar Hezin, DBH 1-2 eta 3koek 10etan izango dute aurkezpena eta DBH 4 eta batxilergokoek, 10 eta erdietan. Txantxiku ikastolan, bigarren hezkuntzako ikasle guztiek, 11etan izango dute aurkezpena eta Zuazola eta Larraña institutuetan berriz, 12etan.

  Hurrengo egunean, Arantzazuko Amaren egunean, ikastetxe publikoetan eskola izango dute eta ikastola eta Elkar Hezin, jai. Kurtsoan zehar ere, Inauteri eta Aste Santuko oporretan ezberdintasun txiki batzuk izango dira ikastetxeetako egutegietan.

  Iazko kurtso amaieran abian jarritako ESKOLABUS proiektuak bestalde, jarraipena izango du 2014-2015 ikasturte honetan eta ikastola eta Elkar Heziko ikasleak elkarrekin joango dira autobusean eskolara.

  Txantxiku Ikastolan ere bada beste nobedaderik, Zigor Ibartzabal baita ikastetxeko zuzendari berria. Jabi Agirrek 8 urte egin ditu karguan.

  6 eta 18 urte bitarteko ikasleek aurten berriro ere, eskola agenda bateratua jasoko dute. Astean zehar eramango dira ikastetxeetara astelehenean banatuko dituzten Oñatiko eskola agenda berriak. 1.200 ale argitaratu dira. Iazkoaren antzera, 50 esaldi aukeratu dira herriko pertsonaiak, lekuak, kontu jakingarriak eta euskara landu eta ezagutzera eman asmoz. Irudien egilea berriz, Javier Erostarbe izan da.

  Udala eta ikastetxeetako ordezkariez osatutako hezkuntza mahaiak osatu duen eskola agendak ia 5.500 euroko aurrekontua du. Udalak, maketazio eta argitalpen kostua ordainduko du eta ikastetxeek, ilustrazio lana.

  Datorren astelehenean jasoko dute lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek beren eskola agenda, egun horretan, irailaren 8an hasiko baita Oñatin, 2014-2015 ikasturte berria.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!