Dagoeneko 1.000 oñatiarrek eman dute izena Euskaraldian

2018/11/07
Datorren astelehenean hasiko da Euskaraldiko txapen banaketa Kultur etxean

  Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten guztiek azaroaren 12tik 22ra bitartean jaso ahal izango dituzte Ahobizi edo Belarriprest txapak. Horretarako, herriko talde eragileak banaketa egutegi eta ordutegia osatu du. Txapen banaketa, azaroaren 12, 14, 20 eta 22an Kultur etxean egingo da, 18:00tatik 20:00tara eta azaroaren 17an berriz, Foruen enparantzan, 11:00tatik 13:00era.

  Baina parte hartzeko izena emateko epea oraindik zabalik dagoela ere gogorarazi nahi dute antolatzaileek. Hala, datozen bi asteburuetan kalera aterako dira eta Euskaraldiko mahaia jarriko dute plazan. Bertan, Euskaraldiari buruzko informazioa jasotzeko eta izena emateko aukera egongo da; baita Euskaraldiko poltsak eta lanpasa edo alfonbrak erosteko aukera ere. Ostiralarekin etorriko diren azaroaren 9 eta 16an 18:00tatik 20:30tara egongo dira plazan eta 10ean eta 17an, zapatuarekin, 11:00tatik 13:00era.

  Herriko denda eta ostalaritza establezimenduei ere Euskaraldia batzeko gonbidapena egin zaie, eta dagoeneko 50 establezimendu baino gehiagok egin dute ekimenarekin bat. Aste honetan, hain zuzen, Oñatiko Euskaraldiko batzordeko kideak bisitak egiten ari dira lokaletara, dendariak eta tabernariak ekimenean parte hartzera animatzeko. Euskaraldiarekin bat egiten dutenek atarian itsasteko identifikagarri bat jasoko dute, mezu honekin: Hemen Belarriprest eta Ahobiziak aurki ditzakezu. Toki horretan euskaraz egiteko modua izango dutela jakingo dute bertara doazen bezeroek. Euskaraldian parte hartu eta identifikagarria jaso nahi izanez gero, mezu bat bidali behar da onati@euskaraldia.eus helbidera, establezimenduaren izena adierazita.

Iturria: Oñati Irratia