Covid positiboek gorantz jarraitzen dute Oñatin

2021/04/26
Ulma Architectural Solutions-en baheketa egin zen ostiralean eta herriko bi ikastetxetako bost gela konfinatuta daude

  Ez da kutsatze fokurik identifikatu herriko ikastetxeetan baina prebentzio gisa, eta hezkuntza protokoloak aurreikusitakoa beteaz, Haur eta Lehen hezkuntzako bost geletako ikasleak konfinatuta daude gurean: Txantxiku ikastolan bat eta Urgain-Errekalden lau. Urte bat, 4 edo 5 urtekoak dira gehienak, eskolan maskararik gabe egoten direnak, eta ondorioz, kasu positibo bakarrak gelakide guztiak etxeratu beharra eragiten dutenak. Txantxiku ikastolakoek gaur bertan bukatzen dute konfinamendua eta PCRan negatibo eman dutenak bihar itzuliko dira gelara, eta Urgain-Errekalden berriz, ostegun arratsaldean jaso zen konfinatzeko agindua beraz, aste osoa egin beharko dute oraindik etxean. Positibo eman duten haur hauen kasu gehienetan guraso edo hurbileko senitartekoren bat izan da kutsatze-iturria. Elkar Hezin eta Oñati institutuan ere halakoak izan dira baina garaiz konfinatu dira eta ez da gelarik itxi beharrik izan.

  Oñatin, ostiraletik igandera 34 positibo berri zenbatu dira Osasun Sailak eguerdian kaleratu dituen datuen arabera. Horrek, Oñatiko intzidentzia metatua 1.613,18ra igoarazi du. Azken 14 egunetan 185 positibo zenbatu dira gurean baina dezentez gehiago dira kontatu estua izaki etxean dauden senitarteko, lagun eta lankideak. Eta lan esparruan, Ulma Architectural Solutions kooperatiban baheketa egin zuen Osakidetzak, ostiralean. Zenbat lagunek parte hartu zuten eta zein emaitza izan diren ez da jakinarazi.  

Iturria: Oñati Irratia

Baheketa egin zen ostiralean Ulma Architectural Solutions-en