Covid-19ari aurre egiteko dendari eta ostalariek egin dituzten inbertsioak arintzeko dirulaguntzak emango ditu Udalak

2020/10/01
Card image cap
Eskaerak azaroaren 13ra arte egin daitezke

  Covid-19ari aurre egiteko merkatari eta ostalariei laguntzeko programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio nahiz eta diru banaketa udalen bitartez egingo den, tokian tokiko erakundeak zehaztutako baldintzen arabera. Oñatiko udalak 36.864 euro jaso ditu. Dirulaguntza hauetarako oinarriak eta deialdia aho batez onartu ziren pasa den osteguneko Osoko Bilkuran.

  Covid-ak exijitzen dituen segurtasun eta osasun protokoloak bete ahal izateko, lokalak eta lan egiteko moduak egokitu behar izan dituzte dendari eta ostalariek, hainbat inbertsio eginda. Gastu horiek arintzera datoz ez-ohiko dirulaguntza hauek. Ez dira diruz lagunduko maskarilla, gel eta antzekoetan egindako gastuak baina bai langile eta bezeroen babes eta segurtasunerako ekipamendu bereziak eskuratu eta lokala egokitzeko inbertsioak.  Martxoaren 14tik azaroaren 6ra arte egin eta ordaintzen diren inbertsioak lagunduko dira. Beti ere, kostu hautagarrien %60 arteko dirulaguntza izango delarik eta 3.000 euroko mugarekin. Baina baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei laguntzea da helburua, ondorioz, eskaera asko jaso eta dagoen diru partida nahikoa ez bada, dirulaguntzak onartutako gastuaren araberako proportzioan murriztuko dira. eskaera guztiei erantzun ahal izateko.

  Dirulaguntza hauek 10 langile baino gutxiago dituzten herriko merkataritza eta ostalaritza sektoreko enpresei zuzenduta daude. Ekonomia Jardueren Gaineko zergan Oñatin alta emanda egon behar dute eta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako ordainketak egunean izan behar dituzte. Deialdia, gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eskaerak egiteko epea zabalduz. Azken eguna, azaroaren 13a izango da.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!