Bozkatze fasea hasi da Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan

2018/10/10
Card image cap
38 proposamenetatik 10 bozkatu behar dira, urriaren 31ra arte

  2019 eta 2020 urteetako udal aurrekontuetan 500.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko partaidetza prozesua azken fasera iritsi da, bozkatzeko fasera. Maiatzean jaso ziren 376 proposamenak filtro ezberdinetatik pasa dira: errepikatutakoak kendu, udal eskumenekoak ez zirenak baztertu, herritarrek markatutako lehentasunen arabera baloratu eta proposamenen bideragarritasun teknikoa ikusi da. Bozkatze faserako 38  proposamen geratu dira.

  Partaidetzazko aurrekontuak prozesua udalbatza osatzen duten bi taldeen adostasun politikoz abiatu zen eta hala iritsi da bozkatze fase honetara, gaur egin den prentsaurrekoan azpimarratu denez.

  Bozketa fasera iritsi diren 38 proposamenen artean herriko irisgarritasuna hobetzeko neurriak nagusi dira, herriko toki desberdinak irisgarriago egiteko proposamenak 12 baitira. Ekipamendu berriak jartzeko 10 proposamen daude eta azterlanak edota formakuntza saioak egiteko 9. Gainontzekoak, ingurumena edota jardunaldien antolaketarekin zerikusia dute. Aurrekontuari dagokionez denetarik dago baina askok 80.000 €ko langa gainditzen dute. Prozesu honetan 80.000 –120.000 € arteko bozka gehien jasotzen dituzten bi proposamenek soilik egingo dute aurrera. Baina horiek, herritarren bozka bidez zehaztuko dira. Bozkatzeko epea zabalik dago urriaren 31ra arte. Parte hartzeko oinarrizko bi baldintza bete behar dira: 16 urte beteta izan eta Oñatin erroldatuta egotea. Oinarri horiek egiaztatzeko, datu pertsonalak ematea eskatuko da. 

  Bozketa lau modu daude: Kontzejupetik aldizkariarekin batera etxeetara banatu den esku-orria bete eta udal eraikinetan dauden postontzietan utzita, internet bidez, udaleko webgunean partaidetzazko aurrekontuak atalean sartuta, urriaren 15ean udaletxean egingo den aurrez aurreko saio informatiboan edota herriko hainbat txokotan egingo diren erakusketa eta postontzi ibiltaria kale ekimenera hurbilduta. Herritar bakoitzak aukeran ematen diren proposamenetatik 10 hautatu beharko ditu, gutxiago edo gehiago markatuz gero bozkak ez du balioko.

  Parte hartzea dela gogoratu dute gaurko prentsaurrekoan berba egin duten politikari eta teknikoek eta herritarrak hartara animatzen dituzte. Fase honetan bozka gehien lortzen dituzten ekimenak 2019 eta 2020ko udal aurrekontuetan txertatuko dira, urteko 250.000 euroko partida osatu bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!