oñati.bonoak.eus web plataformaren aurkezpena ostiralean egingo zaie herriko dendari eta ostalariei

2020/10/07
Card image cap
Udalak diruz lagundutako erosketa bonoak saltokietan zuzenean eskuratu ahal izango dira

  Tokiko kontsumoa sustatzeko erosketa bonu berriak datorren astean eskuragarri jarriko ditu Udalak. Apirilean kaleratu ziren Kuttuna bonoekiko lau berezitasun izango dituzte bono berriek: ekimenera batuko diren denda eta ostalaritza lokalak irekita daudela; bonoak saltokietan zuzenean eskuratu ahal izango direla; bonoak Oñatin erroldatuta daudenei zuzenduta daudela eta udalaren dirulaguntza edo bonifikazioa % 5 edo % 20 izango dela, salgaiaren arabera.

  Bono berri hauek bideratu ahal izateko bonoak.eus izeneko plataforma prestatu da eta hori zertan den azaltzeko aurkezpen bilerak egingo dira ostiralean, urriaren 9an, dendari eta ostalariei zuzenduta. Bi aurkezpen saio antolatu dira lokal jabeen ordutegia eta disponibilitate aukera kontuan hartuta: 8:00tan lehena eta 14:30tan bigarrena. Biak Kultur etxeko zine aretoan izango dira. Udalak diruz lagundutako bono sistema berria eta bonoak.eus plataforma zertan den azalduko da eta ekimenera nahiz web plataformara atxikitzeko bete beharreko baldintzak argituko dira aurkezpen saio horietan.

  10 langile baino gutxiago dituzten Oñatiko merkatari, ostalari eta zerbitzu sektoreko negozioak atxiki daitezke ekimenera. Beti ere, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan Oñatin alta emanda badaude eta lokala Oñatin badago.

  Udalak 110.000 euro bideratuko ditu erosketa-bonu berri hauetara. Herritarrek erosketa bonoak zuzenean eskuratu ahal izango dituzte oñati.bonoak.eus plataformara sartuta edota saltoki eta zerbitzu lokaletan eskatuta. Oñatin erroldatutako 16 urtez gorako edonork eskuratu ahal izango ditu bonoak, gehienezko muga 200 euro kontsumitzaileko izango delarik. Bonoak gastatzeko azken eguna abenduaren 31a izango da.

  Ekimenera atxikiko diren establezimenduei dagokienean,bakoitzaren gastu muga 15.000 euro izango da eta zuzenean 10.000 euro arteko balioa duten bonoak jaulki ahal izango ditu. Bonuen zuriketa berriz, 2021eko urtarrilaren 15erako egin beharko dute.

  Udalaren dirulaguntza portzentajea aldatu egingo da salgaiaren arabera: %20 izango da elikagaiak ez diren produktuen salmentan, jatetxe, taberna, kafetegi eta ostatuetan eta ile-apaindegi, estetika zentro eta antzerako zerbitzu pertsonaletan. %5eko dirulaguntza aplikatuko da berriz, osasunarekin lotutako zerbitzuetan, hezkuntza ez arautuan eta elikagaien salmentan.

  Datorren astean bertan jarriko dira eskuragarri herriko kontsumoa sustatzeko erosketa bono berriak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!