Oñatiko udala

Bildu Udal Taldeak eta PaP Ez plataformak hiru puntuko idatzi bateratua kaleratu dute arratsaldean egin duten bileraren ondotik.

2013/01/18
Bilera, plataformak desegitea erabaki duela eta zenbait komunikabideetan agertu diren artikuluen haritik egin da.

  Aipatu bileraren ondoren prentsara zabaldu den oharrean, OñatikoPaP Ez plataformak gezurtatu egiten du mehatxatuak izan dituztenik, gaur  komunikabide batzuk argitaratu dutenaren kontra. Plataformak, jarduera amaitzen duela adieraziz gutuna igorri zuen komunikabide ezberdinetara. Eta beste eragile batzuek gutunaren erabilera interesatua egin dutela salatzen dute, Plataformakoen ahotan esan ez dituztenak jarriz. Alde horretatik, komunikabidei gutunean soilik jartzen duenera mugatzera eskatzen diete PaP EZ plataformakoek.

  Bildu Udal Taldeak bere aldetik argi utzi nahi du gaur goizean eman duen  prentsaurrekoa eta bertan esandakoak, egunkarietan argitaratutakoaren inguruan izan direla eta ez Plataformaren gutunaren ingurukoak. Idatzian diotenez ez baitzuten gutun horren berririk.

  Bi aldeek betalde, adierazi nahi dute, gaur arratsaldean egin duten bilera, aurrez egin dituzten gainontzekoen antzera, errespetuzkoa eta begirunean oinarritutakoa izan dela.

  Arratsaldeko bilera hori eta ondoren publiko egin den prentsa oharra, esan bezala, Oñatiko PaP EZ plataformak desegitea erabaki duela jakinaraziz sare sozialetan eta zenbait komunikabideetan kaleratu diren berriek eragin dute.

  Diario Vasco egunkarian konkretuki, koordinadorak mehatxuak salatu dituela argitaratu da. Baina plataformaren idatzian ez da halakorik agertzen. Oñati Irratian atzo arratsaldean jaso genuen prentsa oharrean irakurri daitekeenez, irainduak eta presionatuak sentitu direla diote.

  Hainbat herritarrek errepresalien beldur, gaian inplikatzeari mesfidantzaz begiratu diotela eta plataformako kideek ere errepresalia horiek bizi izan dituztela aitortzen da idatzian, hainbat pintada, pankarta eta esaldi mingarri ikusi eta entzun dituztelako. Irainduak ere sentitu direla diote, irainduak, beraiek azaldu duten jarrera zaharkitua eta ez progresista zela esaten denean edota errauskailua eta minbizia parekatu direnean.
Guzti horrek, eta atez atekoa laster ezarriko dela ikusteak, plataforma gisa desegitera eraman dituela dio idatzian. Hala ere, atez ateko bilketa sistemaren alternatibak badaudela erakusteko, leiho eta balkoietan zabor poltsak zintzilikatzeko gonbidapena berriro egiten dute, errebeldia jarrera aldarrikatuz.

  Iragarpenak, sare sozialetan eta zenbait komunikabidetan izan duen zabalpena ikusita, Bilduko udal taldean prentsaurrekoa egin du goizean esan bezala. Bertan, 5 puntuko idatziaren berri eman da.

  Atzo ilunkaran sare sozialetan zabaltzen ari zen informazioaren haritik plataformakoekin harremanetan jarri zirela esaten da, eta sare horietan aipatzen ziren mehatxuen gaia nondik irten zen ez zekitela esan zieten. Plataforma desegitera zihoala iragartzen zuen oharrean ez baitziren mehatxuak aipatzen.

  BILDU udal taldeak eta plataformak hasieratik harreman ona mantendu dutela ere zehazten da, eta Batzokian eta plataformako kide baten etxean “errauskailurik ez!” zioten pintaden berri izan zutenean berehala borratzeko agindua eman zutela argitu dute. Baina prentsaurrekoan azaldu dutenez, plataformak igorritako mezuak bi helburu ditu: atez atekoaren ezarpena oztopatu eta biktima papera hartu.

  Hedabideetan azaldutako berriak zuzenak ez badira eta errektifikazio publikoa egitea ere eskatu zaio plataformari eta azkenik, herritar guztiei une honetan egiten ari den parte hartze prozesuan parte hartzeko deialdia egiten zaie berriro eta hondakinen gaiaren erabilera politikoa behingoz baztertu dadila eskatzen da.
Arratsaldean, esan bezala, bi aldeak elkartu dira eta prentsa ohar bateratua kaleratu dute.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!