Biharko deituta dagoen greba babesteko ebazpena aurkeztuko da gaurko Osoko Bilkuran

2020/01/29
Card image cap
Greba deialdiak aurreratu du, hain zuzen, urtarrileko Plenoa gaur arratsaldera

  Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorra deitu du biharko. Hori dela eta, urtarrileko Osoko Bilkura bihar egin ordez, gaur arratsaldean egitea erabaki zuen alkateak. Hala egingo da, ohikoa baino egun bat lehenago, baina ohiko orduan, 18:30tan hasita, alegia.

  Biharko greba deialdia ere hizpide izango da arratsaldeko bileran, EH Bilduko udal taldeak, Lan-pentsio-bizitza duinaren aldeko greba babesteko ebazpena aurkeztuko baitu. Ebazpenean, besteak beste, grebarekiko atxikimendua adierazi eta aldarrikapen taularekin bat egin eta udal langileei greba egiteko erraztasunak ematea proposatzen da. Aldi berean, Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeako gobernuei hainbat eskaera konkretu egitea proposatzen da. Hara nola, pentsio murrizketak indargabetzea, azken lan erreformak bertan behera uztea, 1.080 eta 1200 euroko gutxieneko pentsio eta soldatak jartzeko neurriak abiaraztea, edota lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiaraztea.

  Aipatu ebazpen proposamena Osoko Bilkurarako lan zerrendan 15. gaia izango da. Azkena, 16.a, ohikoa denez, galde erreguetarako tartea izango da eta aurretik jaso diren gehienak tramitezkoak dira. Zenbait herritar eta erakundek egin asmo dituzten lanen haritik, interes bereziko edo udal onurako obren hobaria aplikatzeko eskaerak aztertuko dira. Hala, Hezkuntza sailak, Errekalde herri eskolako sukaldea berritzeko eta Zuazola-Larrañako teilatua konpontzeko lanak udal onurako izendatzea eskatu du. Beste horrenbeste egin du Ereitten Fundazioak, Elkar Hezi ikastetxeko leihoak aldatzeko lanen harira. Eta baita hainbat herritarrek ere, etxean edo baserrian egin asmo dituzten hobetze lanak direla-eta. Lehen aipatutako 16 gai horietako erdiak, era honetako eskaerak dira.

  Bestela, 2016 eta 2017ko Udal entitateen kontuen txostenen berri emango da eta INEk jakinarazitako 2019ko urtarrilaren 1eko udal biztanleen errolda onartzea proposatuko da. Araotz eta Uribarriko auzo alkate berrien izendapenak jakinaraziko dira eta gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteentzako dirulaguntzen deialdia egitea ere proposatuko da.

  Oñati irratiak zuzenean eskainiko du gaurko Osoko Bilkura,18:30tatik aurrera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!