Bihar irekiko da Foru aldundiak antolatutako udalekuetan izena emateko epea.

2014/03/11
Card image cap
Izena, hilaren 20ra bitartean, gazte informazio bulegoan eman daiteke.

  Udalekuak 2014 kanpaina abiatzekotan da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek elkarrekin antolatzen duten udaleku programa da eta hiru lurraldeetako 7 eta 13 urte bitarteko umeei zuzenduta dago.

  Bi dira udalekuetan eskaintzen diren hizkuntza-ereduak: euskara hutsezkoa eta elebiduna. Eta adinaren arabera, 7 edo 10 eguneko egonaldiak egin daitezke, hiru herrialdeetako 13 aterpetxetan. Guztira, 53 txanda gertatu dira aurten. Horietako bi bereziak, batean bertsolaritza landuko delako eta bestean, frantsesa.

 Udalekuak 2014ko eskaintza osoa internet bidez ikusi daiteke: www.gipuzkoagazteria.net atarian. Esku-liburua, gaztelekuan, gazte informazio bulegoan eskuratu daiteke jada.

  Eta izena emateko ere bide bikoitz hori dago: internet bidez norbere kabuz egin daiteke, edo gazte informazio bulegoaren bitartez. Era batera edo bestera, diputazioko udalekuetan izena emateko epea, bihar, hilaren 12an hasi eta 20ra arte luzatuko da. Eskaera banaka eta 3ko taldetan egin daiteke, baina ume bakoitzeko eskaera-orri bakarra onartuko da. Izena, dauden plazak baino neska mutil gehiagok ematen dutenez, plazak zozkatu egiten dira. Plazen zozketa apirilaren 3an egingo da. Plazak esleitzerakoan aurreko urteetan parte hartu ez zutenei lehentasuna emango zaie.

  Kuotei dagokionean, Foru aldundiak, hiru kuota bereizten ditu eta, familia ugariei hobariak ematen dizkie. Hala, 7 eguneko txandak 118 euroko kuota orokorra badu, familia ugariko haurrak, 83 euro ordainduko ditu eta familia ugari berezikoak, 59. 10 eguneko txandaren prezio orokorra berriz, 172 euro izango da aurten.

  Baina informazio guzti hori, esan bezala, hartarako argitaratu diren liburuxketan jaso da. Eta liburuxkak, gaztelekuan, gazte informazio bulegoan eskuratu daitezke. Gazte informazio bulegoa, astelehenetik ostiralera goizeko 11:30etik, 13:00tara zabaltzen da. Arratsaldez ere, bertako arduraduna Gaztelekuan izaten da baina beste lan batzuk egiten. Goizez joaterik ez duenak dena den, arratsaldean joanda Kristinagatik galdetu behar du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!