Bihar goizean, lau orduko ur mozketa izango da Zubillaga auzoan

2012/11/21
Jarri berri den hodia sare nagusira lotzeko lanak direla eta, egindo da ur mozketa Zubillaga auzoan, goizeko 8:30etik 12:30era izango da.

  Gipuzkoako Urak enpresak bidegorriko lanak aprobetxatu ditu Zubillaga auzoko ur hornidura sarea berritzeko. Ez da lan orokorra egin, hau da, ez da hoditeria osoa berritu baina bai zaharkituta zegoen hodi zatia. Oinarrizko lan horiek eginda, hoditeria berria sare nagusira lotu behar da, eta horixe da hain zuzen ere, bihar goizean egiten hasiko direna. Lotura edo enpalme lan hori egiteko, ordea, ur hornidura etenik egon behar da eta horretxegatik, bihar goizean, Zubillaga auzoan ura, lau orduz moztuko da. Ur mozketa goizeko 8:30etik 12:30era luzatuko da. Hori da behintzat, iragarri den etena. Lanak lehenago amaitzen badira, hornidura ere lehenago itzuliko da. Baina badaezpada, esan bezala, lau orduko ur mozketa iragarri da bihar goizerako Zubillaga auzoan.

  Biharkoa dena den, lehen mozketa izango dela adierazi digute Gipuzkoako urak enpresako teknikoek. Seguruenetik datorren astean bigarren ur mozketa bat egin beharko dute lanak guztiz osatzeko. Bigarren mozketa hori zein egunetan egingo den zehazteke dago oraindik. Jakin bezain pronto zabalduko dizuegu.
Baina zehaztuta eta iragarrita dagoena, biharko ur mozketa da. Hornidura sarea berritzeko lanak direla eta bihar goizean, Zubillaga auzoan ez da urik izango, 8:30etik 12:30era. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!