Oñatiko udala

Bihar-etzi kobratuko dira kiroldegiko urteko bazkide kuotak

2020/01/21
Card image cap
Ordainketa agiria egiaztatzea eskatzen da Zubikoatik

  Izan ere, kiroldegiko lanek aldaketa ugari eragin dituzte: bi bazkidetza aukera daude eta hainbat zerbitzu kendu izanak, bajak ere eragin ditu. Zubikoako lanen ondorioz, bazkide kopurua erdira-edo murriztu da udaleko kirol zerbitzuetan; urte akaberan 4.690 bazkide zituen Zubikoak eta une honetan 2.500 inguru dauzka. Hauei gainera, Oñatiko instalazioak soilik edota Mugiment txartelean alta emanda, Debagoienako beste kirol instalazioak erabiltzeko aukera eskaintzen zaie. 553 bazkide dira eskualdeko instalazioak erabiltzeko aukeraren hautua egin dutenak, orain arte. Askok, bereziki, Arrasate eta Bergarako igerilekuak muga barik erabili ahal izateko eskatu dute Mugiment txartela, beste batzuk berriz, eskualdean lan egiten dutela aprobetxatuta, tokian tokiko instalazioez, orokorrean, baliatu ahal izateko. Kasu honetan dena den, herri bakoitzak erabilera ordutegia mugatu egiten die kanpoko bazkideei.

  Oñatin eskaintzen diren zerbitzuak soilik erabiliko dituzten bazkideei oinarrizko txartela egingo zaie, iazkoa baino %37 merkeagoa den tarifa kobratuz, eta Mugiment eskatu dutenentzat, iazko prezio berberean. Batera edo bestera, aste honetan, bihar-etzi kargatuko dira kiroldegiko bazkide kuotak. Dena den, ordainketa agiriak ondo daudela egiaztatzea eskatzen da Zubikoatik, aldaketak asko izan direlako eta bakarren bat oker egon daitekeelako. Kobrantzarekin ados egon ez eta ordain-agiria itzultzen dutenei ere, Zubikoatik pasa edo bertara telefonoz deitzea eskatzen zaie, itzuleraren arrazoia azaltzeko.

  Bazkide txartela helbideratu gabe duten lagunei berriz, tarifak eta ordainketa bideen zehaztapena ematen duten oharrak datozen egunotan iritsiko zaizkie. Gainerakoei euren aurrezki kutxa edo banketxeen bitartez kargatuko zaie, bihar edo etzi.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!