Bihar amaitzen da botoa posta bidez eman ahal izateko eskaera egiteko epea.

2014/05/14
Card image cap
Posta bulegoan, 94 eskaera bakarrik jaso dira orain arte.

  Eta bakarrik diogu, normalean, 150en inguruan ibiltzen direlako. Europar Parlamentua berritzeko hauteskundeak, maiatzaren 25ean izango direla kontutan hartuta, pentsa zitekeen kanpoan dauden Oñatiko ikasleek, edota Oñatin bertan diren kanpokoek, botoa, postaz emateko aukera egingo zutela  eta horrek, eskaerak igotzea eragingo zuela. Halako batzuk egongo dira noski, baina asko, bidaiaren bat duten jubilatuak dira. Jakina da ordea,  Europar Parlamenturako hauteskundeetan partaidetza asko murrizten dela, interesa asko jaisten dela eta hori nabaria da egun horretan botoa postaz emateko eskaerak zenbat diren ikusita. Dena den, eskaerak egiteko epea ez da amaitu oraindik. Postetxean,  bihar arratsaldeko ordu biak laurden gutxiak arte hartuko direla jakinarazi digute. Eta hori gogoan, EHbilduk bihar eguerdian 10.30tik 12.30ra mahaia jarriko du kultur etxean eta EAJk Batzokiko bulegoa ere 11.30tatik 12.30tara irekiko du.

  Baina eskaera horien tramitazioan ez da amaitzen postarien lana. Eskaera egin eta gero, hauteskunde juntak igortzen duen dokumentazio guztia, eskura eraman behar izaten baitiote eskatzaileari. Dokumentazio horretan, hauteskundeetara aurkezten diren alderdi eta aukera guztien papeletak, eta botoa postaz nola eman behar denaz azalpenak jasotzen dira. Dagoeneko, dokumentazio sobre horiek ere iristen hasi dira Oñatira. Dokumentazioa banatzeko azken eguna, maiatzaren 21a izango da.

  Hauteskundeekin erlazionatuta, postarien hurrengo lana, gordelariarena izango da. Postaz iristen diren boto guzti horiek hauteskunde egunera arte gordeko baitituzte. Maiatzren 25ean, jada, hauteskunde kolegioak irekita, mahaiz mahai joango dira bakoitzean erroldatuta dauden hautesleen botoak uzten.

  Posta bulegoko langileen eta postarien lana aipatu dugunez, esan, hauteskunde garaia lan extra garaia izaten dela eurentzat eta ez soilik, aipatu bezala, posta bidezko botoen tramitazioagatik. Hauteskunde propaganda ere banatu behar baitute. Baina datozenak, europar hauteskundeak direla eta lehen esan bezala, herritarrengan interes gutxiago sortzen dutela ere antzematen da. Posta bidez zabaltzen den propaganda asko murriztu baita oraingoan. Beraz, lan extra bai, baina gainontzeko hauteskundeetan baino gutxiago izango dute postariek.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!