Bigarren PCR proba izan dute gaur, pasa den asteko baheketan parte hartu zuten ikasle eta irakasleek

2021/02/18
5 Covid positibo berri atzeman ziren atzo Oñatin eta intzidentzia metatua 1.430 da

  Inauterietako jaiegunen ondoren herriko ikastetxeen egoera zein den ezagutzen saiatu gara goizean. Guztietan konfinatutako ikasleren bat duten arren, eskolak normaltasunez ematen ari dira, ikastolan izan ezik. Ikastolako bigarren hezkuntzako ikasleek online bidezko eskolak izango dituzte gaur eta bihar. Gaur hain zuzen ere, bigarren PCR probak egin dituzte pasa den asteko baheketan parte hartu zuten ikasle eta irakasleek. Emaitzen arabera erabakiko da astelehenean aurrez aurreko eskoletara itzuli ala ez. Baheketaren aurretik ikastolan itxi ziren lau geletako ikasleak kalean daude jada, berrogeialdia beteta.

  Inauterietako jaiegunak aprobetxatu dira Txantxiku ikastolaren bigarren hezkuntzako eraikina desinfektatzeko. San Juan kaleko eraikineko lehen solairuan ere halako lanak egin dira. Izan ere, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasle gehienak eta bigarren zikloko gela bateko ikasle gehienak konfinaturik daude datorren asteko martitzena, otsailaren 22a arte. Ondo bidean, 23an itzuliko dira ikastolara.

  Bitartean, Covid proben emaitzak jakinarazi ditu Oskidetzak, egunero bezala. 5 Covid positibo berri atzeman ziren atzo Oñatin eta azken 14 eguneko intzidentzia metatua 1.430 da, une honetan.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: DV)