Bigarren aldiz argitaratu da euskaltegirako administraria aldi baterako kontratatzeko deialdia

2019/11/28
Card image cap
Astelehenera bitartean zabaldu zen lehen epean ez da baldintzak betetzen dituen hautagairik aurkeztu

  Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako 2019ko Dirulaguntza atalean udalak osatu gabe duen kontratazioa da euskaltegirako administrariari dagokiona. Aurrez, udal brigradan eta kale garbiketa zerbitzuan ari diren bost peoi kontratatu dira. Eta haiekin gertatu bezala, administrari lanpostua bete ahal izateko bigarren deialdia egin behar izan dute udalak eta Lanbide zerbitzuak. Lehenengoan ez baita baldintzak betetzen dituen hautagairik aurkeztu.

  Enplegua sustatzeko programan parte hartu eta administrari lanpostu honetan aritu ahal izateko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: Oñatin erroldatuta eta langabezian egon eta Lanbiden izena emana izatea. Formazioz, batxilergoa, Lanbide Heziketa 2 edo baliokide den titulazioa izatea eskatzen da eta euskarari dagokionean, 3 Hizkuntza Eskakizunaren pareko ezagutza izatea. Formazio osagarria eta lan eskarmentua berriz, baloratu egingo da. Hau da, IT txartelen bidez egiaztatuko den informatikako ezagutzak izatea eta administrazioan antzeko lanetan aritu izana baloratuko da. Udalak bere aldetik, 3 hilabeteko kontratua eskaintzen du, lan jardun osoz. Lanbideren bitartez zabaldu den iragarkian hileko soldata gordina ere zehazten da, 2.300 € izango da.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira kontratazio hauetan.

  Aldi baterako beteko den administrari lanpostu honetara aurkeztu ahal izateko, izen-ematea, Lanbideren web atarian sartuta egin behar da. Horretarako azken eguna, abenduaren 11 izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!