Bideo emanaldia eta manifestazioa antolatu dira arratsalderako gurean MURRIZKETARIK EZ lemapean eta Europako sindikatuen konfederazioak gaurko deitu duen mobilizazio egunaren baitan.

2012/11/14

  Mobilizazio eta greba eguna. Comisiones Obreras, UGT eta USO sindikatuek deitutako grebak dena den, ez du apenas jarraipenik izan gurean. Enpresak lanean ari dira, dendak zabalik daude eta ikastetxeetan ere eskolak normaltasunez ematen ari dira. Oñatin eta Debagoienean, orokorrean, ELA eta LAB sindikatuek dute langile ordezkaritza nagusia eta hauek ez dute bat egin estatu mailako sindikatuek gaurko egin duten greba deialdiarekin.

  Lan uzterik ez beraz, baina mobilizazioak bai. Gazteak izan ziren Europa mailako mobilizazio egunarekin bat eginez gaurko lehen ekintzak antolatu zituztenak eta horren haritik, ESK sindikatuak eta Oñatiko EH Bilduk beren atxikipena azaldu dute.

  Bi izango dira arratsaldean gurean gauzatuko diren ekintzak: Arratsaldeko 6etan, bideo emanaldia izango da Antixenako gaztetxean. Irailaren 26an egin zen grebaren irudiak ikusiko dira. Gogoratu, sindikatu abertzaleek deitutako greba hark erantzun zabala izan zuela gurean. Kooperatibetan izan ezik, elkarte anonimo izaera duten enpresetan, administrazioan, ikastetxe eta komertzioan greba kasik orokorra izan zen.
Bideo emanaldi horren ondoren, manifestazioa egingo da plazatik abiatuta. MURRIZKETEN AURREAN HORTZAK ERAKUTSI da manifestazioak eramango duen lema. Arratsaldeko 7retan hasiko da eta esan bezala, eskualdeko ESK sindikatuak eta Oñatiko EH BILDUk manifestazioarekin bat egin dute.

  Ezker abertzaleak komunikabideetara zabaldu duen idatzian dioenez, kapital finantzieroaren aginduen aurrean markurtzen ari diren politikoei irmo erantzun beharra dago, pertsonak politika ekonomikoen erdigunean jarri ordez, krisian murgildu gaituzten neurri berberak sustatzen ari direlako.

  Egoera larria dela dio EH BILDUk. Drama soziala geroz eta agerikoagoa dela eta horren adibideak egunero ditugula aipatzen du. Egoera horren aurrean eta klase elkartasuna oinarri hartuta, herritarren eta eragile sozialen elkarlana ezinbestekoa dela dio EH Bilduk. Horretxegatik, arratsaldeko mobilizazioekin bat egin eta herritarrak ere mobilizatzera deitzen ditu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!