Bidegorria zuzenean Olapotoko zubi berrituan egokitzeko udalaren eskaera blokeatuta dago

2019/11/12
Card image cap
Foru aldundiko arduradunekin bilera eskatu da proposamena azaltzeko

  Bidegorriak Ugarkalderantz eta erreka jarraituz gorantz hartzen duen ibilbidea saihestu nahi da. Horretarako berrituko den Olapotoko zubitik zuzenean eta errepidearekiko paralelo bideratzea eskatu du udalak, San Lorentzotik Olabarrietara doan bidegorriari jarraipen zuzena emateko.

  Teknikoki egingarria da, udal arduradunen esanetan; zubiaren egungo plataformaren ordez jarriko den plataforma berrian bidegorria markatu besterik ez da egin behar, errepidea pitin bat estututa. Baina nahikoa leku badagoela diote udal arduradunek. Udanatik etorrita gidariek topatzen duten lehen semaforoa baino metro batzuk lehenago estutuko litzateke errepidea, eta horrek, abiadura moteltzeko balioko lukeela gaineratzen dute. Udala bera gertu legoke bidegorria egokitzeko lanek eragindako kostua ordaintzeko. Baina horretarako diputazioko arduradunek onartu egin behar dute.

  Une honetan gaia blokeatuta dagoela adierazi digute udal arduradunek baina argitze aldera bilera eskatuta daukate. Errepideetako ordezkariekin bilera eskatuta dago eta aste honetan bertan gauzatzea espero dute. Bileran udalaren eskariz GIRDER ingeniaritza enpresak osatu duen proiektu teknikoa azalduko zaie diputazioko ordezkariei, eta bidegorria zuzenean Olapotoko zubi berrituan egokitzeko erabakia hartu dezaten eskatuko zaie.

  San Lorentzotik Olabarrietara doan bidegorria errepidearen kontra doa Olapotoko zubira iritsi arte. Puntu horretan erreka jarraituz gorantz egiten du metro batzuen ondoren berriro errepide aldera jaitsiz. Laster berrituko den zubiaren plataforman egokituta gora-behera hori saihestuko litzateke. Bidegorria 25 metrotan zuzentzea nahikoa litzateke errepide kontran egiten dituen 775 metroak osatzeko. Hori da diputazioari eskatzen zaiona.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!