Bidegorria, Zubillaga eta Madalena artean, errepide nagusitik eta gasolindegi aurrealdetik bideratuko da.

2012/11/08
Gaur, inguruan, kata berriak egin dira. Trazatu aldaketak erasandako lurrak hartu aurreko aktak, datorren astean egingo dira.

  Diputatuen kontseiluak pasa den hilean onartu zuen Zubillagatik Kurtzetxora bitarteko bidegorri proiektuan hainbat aldaketa egitea. Tartean, hainbat arazo sortzen zituen Zubillaga eta Madalena arteko lotura.

  Azkenean, bidegorria, errepide nagusitik eta hau estutuz egitea erabaki da. Bidegorria, Oñatitik San Prudentziorako norabideko errailean egokituko da, hau da, Madalenako gasolindegia dagoen eskumako alde horretan. Justu, gasolindegiaren aurrealdetik pasako da eta Madalenako Santutxo parean errepidea azpitik zeharkatuko da errekari jarraituz egingo den pasabidean.

  Trazaketa aldaketa honek, hainbat lur sail desjabetzea edo hauen aldi baterako lur hartzea eragingo du.
Konkretuki, jabe ezberdinenak diren 7 lursaili eragingo die. Guztiei terreno zati bat desjabetuko zaie, guztira, 1173 metro kuadro hartuz. Aldi berean, 2 lursaili aldi baterako lur hartze figura aplikatuko zaie, guztira, 104 metro kuadrori eragingo die.

  Lur jabe guztiei, datorren ostiralerako zita egin zaie. Lurrak hartu aurreko aktak, hilaren 16an egingo baitira udaletxean. Bakoitzak, zehaztu zaion ordutegian joan beharko du jabetza egiaztagiriak eskutan eta hala nahi duenak, peritu edo notarioren batek lagunduta.

  Bidegorriak Zubillaga eta Madalena artean egingo duen bide berriari lotuta esan, gaur ere kata lanak egiten aritu direla eta horrek, trafikoari eragin diola, semaforoak jarri baitira Fagorreko errotonda parean eta Bikoitz jatetxe aurrealdean.

  Pasa den astean ere halako kata lanak egin ziren Madalenako Santutxo parean eta gaur berriz, Antuena baserri inguruan aritu ei dira lanean. Autoen joan etorria, tarteka itxi da baina bidegorria egokitzeko lanak hasten direnean, semaforoak egunetan mantenduko dira. Baina horren berri garaiz izatea espero dugu eta jakinarazi bezain pronto zabalduko dugu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!