Bidegorria Olapotoko zubitik egokitzea ez du onartu Foru Aldundiak

2019/11/27
Card image cap
Erabakia “atsekabeturik” hartu dute udal ordezkariek

  Gipuzkoako diputazioak ez du onartu Olapotoko zubian bidegorria egiteko egitasmoa. Udalak proiektu proposamena lantzeko enkargua egin zion Girder Ingeniaritzak enpresari eta, zubiaren egitura aldatu gabe, bidegorria bertatik pasatzea teknikoki bideragarria eta egingarria zela baieztatu zen.

  Aldundiaren eskumenpekoa da GI 2630 errepidea eta hari dagokio bertan egokitzapenak, birgaitzeak eta gisakoak egitea. Oñatiko udalak Olapotoko zubitik bidegorria egokitzea eskatzen zuen, bidegorriak Olabarrietatik Olapotora errepide aldamenetik egiten dituen  775 metroak beste 25 metro erantsiz osatzeko.

  Bidegorriak zonaldeko irisgarritasunari eta segurtasunari egingo lizkiokeen ekarpenak ikusirik, proiektua gauzatzeko ahalegin etengabean jardun du udalak. Hainbat bilera egin ditu Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako arduradun zein teknikariekin. Landutako proiektua egingarria zela zuzenean azaldu zieten pasa den astean, azaroaren 18an, Donostian eta lan hauek sortu zezaketen gain kostua udalak berak ordainduko lukeela ere adierazi zitzaien.

  Baina proposamena ez da onartu, esan bezala. Udal ordezkariek atsekabeturik hartu dute Aldundiaren erantzuna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!