Oñatiko udala

Bidebarrieta kaleko irisgarritasuna hobetzeko lanak gaur hasi dira.

2015/01/19
Card image cap
Zebra bideak egokituko dira eta ikusmen arazoak dituztenentzat pasabidea prestatuko da.

  Egaralur enpresa arduratuko da Bidebarrieta kalearen irisgarritasun egoera hobetzeko lanak egiteaz.

  Asteburuan, azoka ondoko hainbat aparkaleku kenduta, lanetarako materiala pilatu da eta gaur goizean zehar, zebra bideak egokitzen hasi dira. 

  Bidebarrieta kaleko zebra bideen egokitzapena Bellotza denda parean hasi  eta kiroldegi aldameneko errotonda bitartean egingo da. Baina tarte horretako bi zebra bidetan lan bereziak egingo dira: Zurrust taberna parekoan eta Bellotza eta D’or denden artean dagoenean. Zebra bide hauen maila igo egingo da, asfaltoa erabiliz zebra bideak altxatu egingo dira trafikoaren abiadura moteldu edo baretzeko helburuz. Hori egin ahal izateko ordea, aurrez, hainbat prestaketa lan egin behar dira, euri-urak bideratzeko hodia jarri, esaterako. Gaur, aldez aurreko prestaketa lan horiek egin dira. Zebra bidea altxatzeko asfaltoa botatzea berriz, ez da berehalakoan egingo, otsailean egitea aurre ikusten baita.

  Baina Bidebarrieta kalean dauden oinezkoentzako gainontzeko pasabideak ere egokituko dira esan bezala. Kasu honetan, espaloi kota jaitsi egingo da, errepide mailan jarriz, mugikortasun arazoak dituztenek koskarik izan ez dezaten. Aldi berean, pasabide inguruko baldosak aldatu eta bereziak jarriko dira, ikusmen urritasuna dutenentzat lagungarriak, zebra bideak non dauden jakin dezaten.

  Aipagarria da bestalde, Errementari plazan beste aktuazio bat egingo dela: plazako espaloian zehar ikusmen arazoak dituztenentzat pasabide berezia egokituko baita. Pasabide hau, Errementari plazan, kioskoa dagoen aldean egingo da. Hasi Bellotza denda aldamenean, Motxon kalean dagoen zebra bidearen parean eta Zubibarriko zebra bideraino. Hemen, plazako espaloia jarraituz, ikusmen arazoak dituztenak gidatzeko pasabidea egingo da, zebra bide inguruetan jarri ohi den baldosa berezia jarriz.

  Bidebarrieta kalean egingo diren egokitze lan hauek, hiruzpalau astez luzatzea espero da eta beti ere, Zurrust eta Bellotza pareko zebra bideen kota jasotzeko asfaltatze lanekin amaituko dira. Hori dena den, otsaila bukaerara arte ez da egingo, San Martinen karabanentzako aparkalekua asfaltatuko dela aprobetxatuko baita, Bidebarrietan ere asfaltoa botatzeko.

  Gaur hasi diren egokitze lanek ez dute trafikoan aparteko eraginik izango.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!