Bidebarrieta kaleko 24an udazkenean hutsik geratuko diren 3 etxebizitza sozial alokairuan emateko deialdia kaleratu du Udalak

2016/03/09

  Azken Osoko Bilkuran hartutako erabakia da. Bidebarrieta kaleko 24an Udalak dituen hiru etxebizitza sozialen errendamendu kontratuak irailaren 30 eta urriaren 31an beteko dira. Egungo maizterrei horren jakinarazpena egiteaz bat, berriro alokairura ateratzea erabaki da. Bidebarrieta kaleko 24an, hirugarren solairuko C etxebizitza da irailaren 30ean hutsik geratuko dena, beste biak, Bidebarrieta 24-2.B eta 2.D urriaren 31rako libratu beharko dira. Hirurak, alokairura atera dira.

  Izaera sozialeko etxebizitzez ari garenez, diru sarrera urriak eta etxe premia dutenei alokatzea da helburua. Alde horretatik, ez da hileroko errenta kopurua zehazten eta maizterren diru sarreren arabera finkatuko da gerora, ordaindu beharko duten alokairua.

  Interesatuek bete beharreko oinarrizko baldintzak, ohikoak dira: Oñatin  gutxienez azken 5 urtetan erroldatuta egon eta bertan bizitzea ezinbestekoa da eta horrezaz gain, eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko diru-sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez dira izan behar. Eskatzaileen egungo bizitokiari ere erreparatzen zaio eta errentan bizitzea, bizi diren etxebizitza prekarioa izatea edota, desjabetzeko prozesuan egotea kontutan hartuko da.

  Jasotzen diren eskaera guztiak, baldintza pleguan zehaztuta dauden baremo batzuen arabera neurtuko dira. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Horren arabera, puntuaziorik altuena lortzen duten eskatzaileei alokatuko zaizkie udalak Bidebarrieta 24an dituen 2.B, 2.D eta 3.C etxebizitzak. Hori bai, kontutan hartu behar da, egun bertan bizi diren maizterren kontratuak iraila- urria amaieran betetzen direla. Hala ere, udalak ez du azken ordura arte itxaroten eta dagoeneko zabalik dago etxebizitza sozial horiek errentan hartzeko eskaera epea, martxoaren 31ra arte, hain zuzen. Eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira eta bete beharreko baldintzei buruzko argibideak ere bertan eskuratu daitezke.

Iturria: Oñati Irratia

Bidebarrieta kalea