Bi oñatiar eta beste 80 gudari omenduko ditu Foru Aldundiak bihar Gernikan

2017/06/16
Card image cap
Bertako hilerrian, hobi komun batean, lurperatuta dauden gudariak dira

  Foru erakundearen aitortza jasoko dute Gernikako hilerriko hobi komun batean lurperatuta dauden 82 gudarik, gehienak gipuzkoarrak. Eta tartean dira Nikasio Letamendi Elizburu eta Esteban Ugarte Urzelai oñatiarrak. Baina oñatiarrak bezala Gipuzkoako beste 27 udalerritako lagunak ere badaude hobi komun horretan. Guztiak gogoan hartuta omenaldia egingo zaie bihar goizean Gernikako kanposantuan bertan.

  Hitzordua 12.00etan egin da hilerrian eta lurperatutako gudarien familiak izango dira ohorezko gonbidatu. Lan handia egin da 82 gudari horien oinordekoak aurkitzen eta askok sorpresa ere hartu dute ez baitzekiten beren senitartekoak Gernikan lurperatuta zeudenik. Ekitaldian lurperatutako gudarien izenak jasotzen dituen monolito bat inauguratuko da.

  Omenduko diren gudari gehienak Amaiur, Loiola, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren. Lau unitateok EAJkoak ziren eta, hori dela eta, alderdi honek hainbat hilobi erosi zituen Gernikako hilerrian 1936ko udazkenean, batailoi hauek parte hartzen zuten borroketan egon zitezkeen hildakoak lurperatzeko.  Gernikan lurperatu ziren besteak beste, Legution, Arecesen edota Bizkaiko mendietako borroketan hildako gudariak. Baina frankismoan gorpuzkinak atera zituzten hobi komun batean sartuz, apenas markarik gabe. Ehorzleak hartu zuen arduragatik jakin zen hobi komun horretan nortzuk zeuden. Eta 82 gudari horiek bihar omenduko dira.

  Ekitaldia Gipuzkoaren memoria historikoa berrekuratzeko ahaleginaren baitan kokatu du Markel Olano Ahaldun Nagusiak. Testuinguru berean kokatzen dira Urolako burdinbideko langile errepresaliatuei egindako omenaldia, Gipuzkoako herrietatik kanporatutako emakumeei eginikoa, Saseta komandantearen ekitaldia edota Emeek Emana erakusketa mugikorra, errepresio frankistaren biktima izan ziren emakumeen historiak jasotzen dituena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!