Bi eskaintza jaso dira kiroldegiko jarduera fisiko eta kirol aholkularitza zerbitzua kontratatzeko lizitaziora

2016/02/11
14.00tan amaitu da proposamenak aurkezteko epea

  Iaz behin behineko izaeraz jarri zen martxan kiroldegian, jarduera fisiko eta kirol aholkularitza zerbitzua. Orduan, E-Goitek enpresari esleitu zitzaion. Urtebete pasata, zerbitzuaren balorazioa egin da eta jarraitzea erabaki da. Erabiltzaileak pozik agertu dira eta kirol aholkularitza zerbitzuari jarraipena ematea erabaki da.Ondorioz, lizitazio berrirako prozesua abiatu zen orain aste batzuk.

  Udalak kiroldegiko jarduera fisiko eta kirol aholkularitza zerbitzua urtebeterako kontratatuko du hasieran, baina beste bi urtez luzatu daiteke. Kirol aholkularitza zerbitzua, egutegi eta ordutegi konkretu batean eskaintzen da. Kiroldegira doazen erabiltzaileek zerbitzuaz baliatzeko aukera izan dezaten, kirol monitore eta aholkulariak astelehenetik igandera egoten dira baina egunaren arabera aldatzen den ordu tarte ezberdinean. Urteko egutegia, kiroldegian dago ikusgai. Kirol aholkularitza zerbitzua, urtean 750 orduz ematea aurre ikusi da eta horrela jaso da lizitazio deialdian. Horren arabera, oinarrizko lizitazio aurrekontutzat, 22.500 € gehi BEZa finkatu da. Baina ikusi egin beharko da enpresek zenbateraino jaisten duten gehienezko kopuru hori, jakinik, hori bai, eskaintza ekonomikoak azken puntuazioaren % 60a lortzeko aukera emango duela. Gainontzeko % 40a memoria txostenaren araberakoa izango da.

  Bi eskaintza jaso dira kirol aholkularitza zerbitzua kontratatzeko lizitaziora. Bat, zuzenean, udal bulegoetan aurkeztu da eta bigarrena postaz bidali denaren egiaztagiria FAX bidez iritsi da.

Iturria: Oñati Irratia